Ekonomia -
Lan-gatazka
LABek salatu du ELAk Gipuzkoako metalgintzako hitzarmen hobea izateko aukerarik gabe utzi dituela langileak
Sindikatu abertzalearen arabera, desmobilizazioaren aldeko hautua egin dute ELAk eta UGTk, ADEGI patronalaren "lehen proposamena erosita".
eitb media
LABek salatu du metalgintzako hitzarmenaren negoziazioari amaiera eman diotela ELA eta UGT sindikatuek ADEGIrekin akordioa adostuta, eta ELAri leporatu dio lan-hitzarmen hobea izateko aukerarik gabe utzi dituela langileak horrela.
LABen arabera, "ADEGIren lehen proposamena erosi dute bi sindikatuek", eta horrekin "amaitu da borroka, hasi baino lehen".
"Desmobilizazioaren aldeko apustua egin dute bi sindikatuek, LABetik deituak genituen 6 greba egunei bidea moztu diete, akordio merke baten truke", azpimarratu dute.
Gainera, ELAren jokabidea ez dela koherentea izan uste du LABek: "ELAk, beste negoziazio mahai batzuetan ez bezala, oraingoan onartu egin du UGTren parte hartzea negoziazio mahaian, nahiz eta %10era ez iritsi".
"Baina ELAk patronala aukeratu du bidelagun. Aliantzak ADEGIri mesede egiten dio. Zatiketa sindikala sustatzen du eta langileak ahultzen ditu, langileen desaktibazioa bilatuz", gaineratu du.
LABek gogorarazi du "aste gutxitan bigarren adibidea" dela, elikagaien industriako merkataritza hitzarmenean "grebarako 24 orduren faltan" sinatu zuelako ELAk patronalarekin akordioa.
"Ez da albiste ona Gipuzkoako langileentzat", azpimarratu du; izan ere, LABen iritzian, ELAk itunen bat egin du ADEGIrekin, patronala nagusi den negoziazio mahaietan ELAk uko egin diolako mobilizazioari.