Ekonomia -

Lan-gatazkak

Hiru hegaldi bertan behera gelditu dira gaur Bilboko Aireportuan Air Europako pilotuen grebaren ondorioz

AENAk iragarri duenez, bihar beste lau hegaldi geldituko dira bertan behera. Bidaia horiek guztiak Loiuko aireportua eta Madrilgoa lotzen dituztenak dira.

Bilboko Aireportua.
Bilboko Aireportua.
Bilboko Aireportua.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasi den Air Europa konpainiako pilotuen grebak hiru hegaldi utzi ditu bertan behera, momentuz, Bilboko Aireportuan.

Bilboko Aireportutik Madrid-Barajas Adolfo Suarez aireportura gaur (maiatzak 1) 08:30ean eta 12:45ean irten behar zuten hegaldiak lurrean gelditu direla baieztatu du AENAk, baita, Madrildik irten ondoren, Loiura 12:00etan iritsi behar zuena ere.

Horrez gainera, dagoeneko baieztatu dutenez, biharko (maiatzak 2) aurreikusita zeuden hegaldietatik lau ez dira aterako: 08:30ean eta 16:50ean Madrilera joan behar zutenak eta, bertatik abiatuta, 12:00etan eta 20:05ean Loiura iristekoak zirenak. Hegaldi hauek guztiek Loiu eta Madrilgo aireportuak lotu behar zituzten.

Air Europa konpainiako pilotuen greba maiatzaren 1, 2, 4 eta 5erako dago deituta. Konpainiak bere webgunean argitaratu duen informazioaren arabera, euskal aireportuei dagokionez, Bilbokoan soilik nabarituko da geldialdiaren eragina.

Aero Lineetako Pilotuen Espainiako sindikatuak (Sepla) adierazi duenez, lan-hitzarmen berriaren negoziazioetan, "Air Europako zuzendaritzak eragin duen gatazka eta tentsioaren ondorioz" sortutako greba da honakoa. Enpresa "langileekin eskubideekin jolasten" eta "langileen eskubideen galera dakarten neurriak proposamen gisa" aurkezten ari dela salatu du sindikatuak.

Pilotuen hitzetan, zuzendaritzak "negoziazioaren ordez liskarra" bilatu du eta, "bi aldeen arteko ulermen puntu bat bilatu ordez, pilotuak mehatxatu eta deskalifikatu ditu" Bitartekaritza eta Arbitraje Zerbitzu Interkonfederalarekin (SIMA) egindako jardunaldietan.

Bere aldetik, Air Europa enpresak greba hau "arduragabea eta berekoia" dela salatu du publiko egin duen zirkularrean. Grebaren ondorioz "etorriko diren galerek etorkizuneko operazioak (hegazkin berriak erosteko, adibidez) eta Bideragarritasun Plana betetzea zalantzan jarriko dituzte", azaldu du. "Neurri zorrotz eta berekoi honek eta izango duen eraginak ez die ordezkari sindikalei eta pilotuei euren helburuak lortzen lagunduko; kontrakoa lortuko dute", ohartarazi du komunikatuan.

Bien bitartean, Facua kontsumitzaileen elkarteak grebaren kalteak jasan dituzten bidaiariei gogorarazi die eskubidea daukatela bidaia-txartelaren zenbatekoa, hegaldia bertan behera gelditu izanak sortutako gastuen ordaina eta, gutxienez, 250 euroko kalte-ordaina eskatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak Iruñea-Noain aireportua