Ekonomia -

Bankuak

Kutxabankek Eduardo Ruiz de Gordejuela proposatu du kontseilari delegatu berri izateko

Finantza erakundeko bigarrena izango da eta García Lurueña ordezkatuko du.

Agentziak| EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kutxabank erakundeko administrazio kontseiluak Eduardo Ruiz de Gordejuela Palacio proposatu du kontseilari delegatu berri izateko, zuzendaritzako arduretan duen eskarmentu zabala baloratu ostean. Proposamenak Europako Banku Zentralaren (EBZ) egokitasun azterketara gainditu beharko du orain.

Kutxabanketik jakitera eman dutenez, administrazio kontseiluak eta Anton Arriola bere presidenteak eskerrak eman dizkiote Javier Garcia Lurueñari 2015ean kontseilari delegatu kargua hartu zuenetik egindako lanarengatik. Epealdi horretan, bankuak "erronka garrantzitsuak gainditu ditu arrakasta handiarekin", batik bat eraginkortasuna hobetzen eta zerbitzuetatik lortutako diru sarrerak dibertsifikatzen.

Garcia Lurueñak 2023ko ekainean amaituko du kontseilari delegatu kontratua, baina Kutxabank Taldearekin lotura izaten jarraituko du, Cajasur erakundeko presidente ez-exekutibo izaten segituko baitu.

Kutxabankeko kontseilari delegatu berriak kudeaketako eskarmentu handia du banka negozioko hainbat arlotan, bereziki sareekin eta bezeroekin zerikusia duten zereginetan. 2012an euskal aurrezki kutxen bat-egitearen ostean, Ruiz de Gordejuela Kutxabanken negozio sareen bateratzeaz arduratu zen, eta Europa Banku Zentralak oniritzia eman ondoren, zuzendari nagusi berria Kutxabankeko administrazio kontseiluko kidea izango da.

Arriolak adierazi duenez, "Kutxabank indartsu eta sendo dago, eta aukera asko dauzka aurrean. Izendapen honekin eta lankide talde osoaren laguntzarekin, aukera horiei aurre egiteko prest gaude".

Halaber, ardura berria hartzean, Ruiz de Gordejuelak esan du "ilusioz beterik" dagoela, "gizatalde handi baten buruan lanean jarraitzeko ilusioz beterik, jabetuta gure bezeroen konfiantza eta beharrizanei erantzutea erronka handia dela, Kutxabankek gure gizartearentzat duen garrantziaz jabetuta".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak