Ekonomia -
Lan-gatazka
Greba deitu dute apirilaren 18, 19 eta 20rako Nafarroako adinekoen egoitzetan
Sindikatuek sektoreko hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatu dute.
EITB Media
ELA, LAB eta UGT sindikatuek hiru greba-egun deitu dituzte Nafarroako adinekoen egoitzetan. Apirilaren 18, 19 eta 20rako dira deialdiak, eta sektoreko hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela aipatu dute.
Patronalen, Nafarroako Gobernuaren eta sindikatuen arteko azken bilera urtarrilaren 26an izan zen. Bilera hartan patronalak aurkeztu zuen proposamena atzera bota zuten negoziazio-mahaian eseritako sindikatu guztiek. Horien esanetan, sektoreko langileentzako "baldintza duinak jasotzen zituen proposamen bat egiteko eskatu zieten patronalei", baina gaur-gaurkoz, "ez patronalek ez Nafarroako Gobernuak ez dute eskaerei erantzuteko borondaterik agertu".
2021eko maiatzean hasi ziren Nafarroako Hirugarren Adinekoen Zentroen sektoreko hitzarmena negoziatzen. ELA, UGT eta LAB sindikatuek proposamen bateratu bat adostu eta aurkeztu zuten. Langileek "lan-baldintza duinak izango dituen eta hirugarren adinekoei zerbitzuaren kalitatea bermatuko dien hitzarmen kolektiboa" aldarrikatzen dute.
Sindikatuek mobilizatzeko deia egin diete langileei. Alde batetik, kontzentrazioak egingo dira martxoaren 24an Parlamentuan eta 29an Nafarroako Jauregian. Horrez gainera, elkarren segidako hiru greba-egun deitu dira apirilaren 18, 19 eta 20rako.
Sektoreak 70 egoitza baino gehiagotan aritzen diren 4.500 langile inguru ditu.