Ekonomia -
PENTSIOAK
Pentsioen erreformak murrizketak onartu eta 2011koak finkatzen dituela salatu du ELAk
Sindikatuak mobilizazioak iragarri ditu apirilaren 4an Bilbon eta Iruñean, erreforma errefusatzeko eta diru sarrera nahikoak bermatuko dituen pentsio publikoen sistema bat eskatzeko.
EITB MEDIA
Espainiako Gobernuak CCOO eta UGT sindikatuekin adostu duen pentsioen erreformak murrizketak jasotzen ditu, Zapaterok, UGTk eta CCOOk 2011n onartutakoak egonkortzen ditu eta etorkizunean ere egon daitezen errazten du, ELAren arabera.
ELAk ezinbestekotzat jo du erantzun bat ematea, eta mobilizazioak iragarri ditu apirilaren 4an, Bilbon eta Iruñean, erreforma errefusatzeko eta diru sarrera nahikoak bermatuko dituen pentsio publikoen sistema bat eskatzeko.
Sindikatuak prentsaurrekoa egin du gaur goizean Donostian, pentsioen erreformaren balorazioa egiteko. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak esan duenez, murrizketarik gabeko erreforma dela dioen bertsio ofiziala ez da egia. Batetik, Lakuntzaren hitzetan, "50 urtetik beherako pertsona guztiei pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen den urte kopurua handitzen zaie, hau da, pentsio berrien zenbatekoa murrizten zaie". Bestetik, Lakuntzak salatu du pentsioetan gastu muga bat jartzen dela ezkutatu nahi dutela, eta 2025etik aurrera eta 3 urtean behin, aurrekontu-egonkortasunaren printzipioa bermatzea helburu duen AIReF erakundeak egokitzat jotzen dituen neurriak proposatu ahal izango dituela, "murrizketei ateak zabalduz".
Espainiako Gobernuak pentsioen erreforma egiteko Europar Batasunarekin lortutako akordioa "erabat" gauzatu ez bada ere, Sanchezen gobernuak, "pentsio duinak" bermatzeko, "harago" joan behar zuela uste du Lakuntzak.
Ezkerraren eginkizunari dagokionez, Lakuntzak aitortu du okerragoa litzatekeela Unidas Podemosen eta EH Bilduren oposiziorik gabe. Dena den, aurka bozkatzeko deia egin die alderdi politiko horiei, erreformaren elementu "atzerakoienei" eusten bazaie eta 2011ko murrizketetan atzera egiten ez bada.