Ekonomia -
Erretiroa
Pentsioen erreforma azken txanpan, nahiz eta patronala aurka izan
UGTk eta CCOOk gaur aztertuko dute Espainiako Gobernuaren azken proposamena, eta, ziurrenik, babesa emango diote. Gainera, Escriva ministroak agerraldia egingo du Toledoko Itunaren Batzordean, lege-dekretua azaltzeko.
EITB Media
UGT eta CCOO sindikatuek gaurko deitu dituzte euren batzorde eta kontseilu konfederala, hurrenez hurren, pentsioen erreformari buruz Espainiako Gobernuak egindako azken proposamena aztertzeko.
Gainera, Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak agerraldia egingo du gaur Diputatuen Kongresuko Toledoko Itunaren Batzordean, pentsioak erreformatzeko lege-dekretua azaltzeko.
UGTk ezohiko batzorde konfederala egingo du 11:00etan, Pentsioen Legea erreformatzeko proposamena "aztertzeko eta, hala badagokio, onartzeko"; CCOOk, berriz, ordu berean bilduko du bere kontseilu konfederala.
Espainiako Gobernua astelehenean bildu zen patronalarekin eta sindikatuekin. Ministerioak asteartean bidali behar zizkien hainbat hobekuntza eskatu zituzten sindikatuek batzarrean.
Behin betiko babesa emateko zain dauden asuntoen artean, gutxieneko pentsioekin edo elkartasun-kuotaren irismenarekin zerikusia duten gaiak daude.
Antonio Garamendi CEOE patronaleko presidentearen hitzetan, Escriva ministroak "ez du egia esaten" esaten duenean patronalak ez duela aurkeztu erreforma proiektuaren ordezko proposamenik.
Garamendik Exekutiboaren proposamenari eraso dio berriro, "talentuaren aurkako zerga basatia" delako, eta eztabaida "lapurtu" dietela salatu du, Ministerioak ez duelako aurkeztu erreformaren eraginaren memoria ekonomikoa.
"Errealitatea da gaur egun guk ez dugula memoria ekonomikoa. Oso zaila da ezertaz hitz egitea datuak ez baditugu", esan du enpresaburuen buruzagiak, eta, horren ustez, "ez da onargarria proposamena azken orduan jakinaraztea", "dilistak" direlakoan; hau da, onartu beste aukerarik ez dagoela esanez.
Bestalde, Nadia Calviño Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta Ekonomia ministroak Bruselatik adierazi du espero duela Europako Batzordeak krisiaren aurkako funtseko hirugarren laguntza, 6.000 milioi eurokoa, "hurrengo hamabostaldian" ordaintzea, eta, aldi berean, zehaztu du Exekutiboa prestatzen ari dela hurrengo tartearen eskaera, 10.000 milioi eurokoa, 58 mugarrirekin lotuta dagoena; besteak beste, pentsioen erreformarekin.