Ekonomia -

Kontsumitzaileen eskubideak

Kontsumobidek Kutxabank zigortu du leihatilan eskudirutan ordaintzeko zerbitzua kentzeagatik

Hainbat abusuzko praktika egiteagatik, 123.000 euroko isuna ezarri diote finantza entitateari, herritarrek zein EKA/ACUV euskal kontsumitzaileen elkarteak aurkeztutako erreklamazioak tarteko.

123.000 euroko isunari egin beharko dio aurre EAEko banketxeak. Artxiboko argazkia: EFE
Kutxabanken egoitza Bilbon.
123.000 euroko isunari egin beharko dio aurre EAEko banketxeak. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumobidek, Kontsumoko Euskal Institutuak, 123.000 euroko isuna ezarri dio Kutxabank EAEko banketxeari kontsumitzaileen eskubideen aurkako hainbat praktika egiteagatik. Zehazki, honakoengatik zigortu dute: kutxa-zerbitzua ez emateagatik eta leihatilan eskudirutan ordaintzeko zerbitzua ezabatzeagatik. 

Eusko Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, partikularrek zein EKA/ACUV euskal kontsumitzaileen elkarteak banketxearen praktika batzuen aurka aurkeztu zituzten erreklamazioak eta salaketa ditu oinarri prozedurak. Denek ere Kutxabanken kontra egin zuten leihatilan eskudirutan ordaintzeko aukera ematen ez zietelako. 

Kontsumobidek egiaztatu ahal izan duenez, Kutxabankek ez die euren bezeroei bezero ez diren hirugarren pertsonen diru-sarrerak jasotzen uzten, eta horrek, kutxa-zerbitzua ematearen oinarrizko eskubidea urratzen du. 

Bestalde, Kutxabankek ezabatu egin du leihatiletan eskudirutan ordaintzeko edo dirua sartzeko aukera. Kontsumobideren aburuz, horrek ere urratu egiten du indarrean dagoen araudia, kontsumitzaileak legez baimendutako ordainketa-bide guztiak erabil ditzakeelako. 

Horrengatik guztiagatik, Kontsumobidek 123.000 euroko zehapena jarri dio Kutxabanki arau-hauste larriengatik. Era berean, isuna argitara emateko agindua eman du, "eredugarritasun-arrazoiengatik".

Kutxabankek "zigorra onartu" du, baina pandemian ezarritako neurria izan zela argudiatu du

Bestalde, Kutxabankek adierazi duenez, "bezeroen eta langileen osasuna" bermatzeko pandemiak ezarritako muga batengatik jarri zioten isuna bankuari, eta dagoeneko neurria kendu dute.

Bankuak azaldu duenez, "ahal zen neurrian, Kutxabankeko bulegoetara joaten ziren pertsonen kopurua mugatzea" erabaki zuten, "are gehiago bankuaren kanal telematikoetan bezeroentzat eta haien erakundeentzat eskuragarri zeuden eragiketak zirenean".

Finantza erakundearen ahotan, helburua "oso argia" zen; izan ere, bankuak funtsezko zerbitzua zirenez, sukurtsalak irekita egon behar ziren, eta "Kutxabankeko langileen eta bezeroen segurtasuna babestea erabaki zen, kutsatzeen aurkako neurriak lehenetsiz ".

Erantsi duenez, pandemiaren "ondoriorik handienak" pasa ondoren, hirugarrenei ordainketak, ordainagiriak eta transferentziak eskudirutan ez egiteko neurria kendu zuten, "2022ko maiatzetik normaltasun osoz egiten dena".

Azkenik, konpainiak esan du alegazio guztiak aurkeztu zituela eta, beraz, "zigorra onartzen" duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE Kutxabank albisteak Gizartea albisteak Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Kontsumitzaileen eskubideak Isunak KontsumoBIDE gaur