Ekonomia -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Revillak Arku Atlantikoaren manifestu bateratua espero du Frantziari AHTren lotura bizkortzea eskatzeko
Urkullu lehendakaria Galizia, Asturias eta Kantabriako presidenteekin batzartuko da eguerdian Ajuria Enean. Lurralde atlantikoen eta Europaren arteko trenbide loturak izango dituzte hizpide, besteak beste.
O. A. | EITB MEDIA
Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak gaur eguerdian Ajuria Enean egingo den Arku Atlantikoaren bileran parte hartuko du, Urkullu lehendakariak Atlantikoko korridorearen inguruan egindako planteamendua babesteko eta Bilbo eta Santander arteko tren konexioa azkarragoa izateko babesak bilatzeko. Azken horri lotuta, Eusko Jaurlaritzaren babesa lortu nahi du, Santander eta Bilbo arteko tren bidaia 58 minutura laburtzeko orain hiru ordu eta hamar minutu behar baitira.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan Kantabriako presidenteak esan du gaurko bileratik espero duela lau erkidegoek (Galizia, Asturias, Kantabria eta Euskadi) manifestu komun bat adostea Frantziari eskatzeko 2030erako Atlantikoko korridorearen eta Frantziako tartearen arteko lotura bukatzeko.
Europar Batasunean "onean eta txarrean" egon behar da eta, "gehiengoaren konpromisoak eta akordioak errespetatu beharko dira".
"Europan gaude eta komunikazio egokiak izan nahi ditugu, etorkizunaren ildotik, hau da, trenen ildotik", gaineratu du.