Ekonomia -

LAN GATAZKA

Osakidetzako garbitzaileek greba egingo dute asteon

LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deitutako deialdia da. Emakumezko langileek bost urte daramatzate lan hitzarmenik gabe, eta Osakidetzako langileei ezartzen zaizkien baldintzak aplikatzea eskatzen dute.

Osakidetzako garbiltzaileen protesta bateko irudia. EITBren artxiboko bideo batetik ateratako irudia
Osakidetzako garbiltzaileen protesta bateko irudia
Osakidetzako garbiltzaileen protesta bateko irudia. EITBren artxiboko bideo batetik ateratako irudia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek astebeteko greba egingo dute gaurtik aurrera martxoaren 5era bitartean, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituta. Langileek bost urte daramatzate lan hitzarmenik gabe, eta Osakidetzako langileei ezartzen zaizkien baldintzak aplikatzea eskatzen dute. 

Joan den hilaren 5ean Bilbon eskaini zuten prentsaurrekoan azaldu zutenez, inplikatutako hiru aldeek (enpresak, langileak eta Osakidetza) onartu zuten lan baldintza berberak aplikatzea, baina "hamaika bilera egin ondoren, hasieran bezalaxe gaude".

Sindikatuen esanetan, 2018an abiatu zituzten lan hitzarmen berriaren negoziazioak, "erraza" izango zela sinetsita, "gai jakin batzuk Osakidetzaren barruan lortu diren akordio berrietara egokitu eta eguneratu behar izatea" eskatzen baitzuten.

"Hamaika bilera egin ondoren, negoziazioaren erabateko blokeoa agerikoa da. Ikusten ari gara enpresek eta bezeroak (Osakidetza) ez dutela homologazio printzipioa betetzen, uko egin baitiote Osakidetzako langileei aplikatutako gaiak egokitzeari eta aplikatzeari", gaineratu dute.

Greba deitu duten sindikatuen arabera, ez dute homologaziotik harago joatea eskatzen, baldintza berdinak aplikatzea baizik: garapen profesionalaren deialdietara sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa izatea, txanda kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea eta Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak izatea.

Enpresak "jarrera erosoan" kokatu direla eta erantzukizuna Osakidetzako zuzendaritzari egotzi diotela salatu dute sindikatuek. "Ez dute sindikatuekin ezer ere adostu nahi, Osakidetzaren zuzendaritzaren aldez aurreko oniritziarekin ez bada", gehitu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza LAB albisteak Grebak gaur Lana albisteak Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Euskal sindikatuak CCOO albisteak UGT albisteak ESK sindikatuaren azken ordukoa