Ekonomia -

Gerra Ukrainan

EBk ez du jada Errusiaren diesela inportatzen

Gerraren aurretik, EBren inportazioen % 40 inguru Errusiatik iristen zen, baina konfiantza dute trantsizio epean egindako lanak fruituak emango dituela eta hornikuntza bermatuta egongo dela.

Gasolindegi bateko horniketa gailuak. Argazkia: Pexels
Gasolindegi bateko horniketa gailuak. Argazkia: Pexels
Gasolindegi bateko horniketa gailuak. Argazkia: Pexels

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikatzaren eta petrolioaren ostean, diesela iritsi da. Hidrokarburo hori eta petrolioaren beste eratorri batzuk Errusiatik inportatzeko debekua igande honetan sartu da indarrean, eta Ukrainaren inbasioagatik Kremlin ekonomikoki itotzeko hartutako gainerako neurriei batu zaie.

"Aurreratzen dugu hornitzaile alternatiboak bermatzeko prest gaudela. Antzeko prozesua egin behar izan genuen petrolio gordinarekin", adierazi du Tim McPhie Europako Batzordeko Energia bozeramaileak.

Debekatutako eratorrien artean, dieselarena izango da erronka handiena, EBko autoen erdiak eta zama garraioko ibilgailu eta makinaria gehienak erabiltzen duena baita.

Gerraren aurretik, EBren inportazioen % 40 inguru Errusiatik iristen zen, baina konfiantza dute trantsizio epean egindako lanak fruituak emango dituela eta hornikuntza bermatuta egongo dela, bide alternatiboetatik.

Ukrainaren inbasioa hasi arte, EBk Errusiarekiko energia mendekotasun handia zuen, eta Putinek dirutza eskuratu du krisi energetikoaren urtean.

Moskuk 140.000 milioi euro jaso ditu ikatzaren, gasaren eta petrolioaren truke Europar Batasunetik 2022ko otsailaren 24an inbasioa hasi zenetik, eta urtebete lehenago 99.000 milioi euro ziren.

Hala eta guztiz ere, joera aldatu egin da azken hilabeteetan, eta inportazioek behera egin zuten urteko azken hiruhilekoan.

"Gure neurriak Errusiako ekonomiaren erdigunea jotzen ari dira", adierazi zuen ostegunean Ursula Von der Leyen Europako Batzordearen presidenteak, Kieven egindako bisitan, eta zehaztu zuen egunero 160 milioi euro gutxiago jasotzen dituela Moskuk.

Mendebaldeko herrialdeek beste neurri batzuk ere jarri dituzte martxan aldi berean, Errusiaren energia sektoreari nazioarteko merkatuan kalte egiteko. Besteak beste, kupel bakoitzeko gehienezko prezioa 60 dolarretan jarri dute Errusiari erositako petrolioa beste herrialde batzuetara eramanez gero.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Errusia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Petrolioa Errusia-Ukraina gerra Gasolinaren prezioaren igoera