Ekonomia -

EAE-ko Aurrekontuak

Aurrekontu Batzordeak oposizioaren zenbait zuzenketa onartu ditu, tartean 12 milioi garraiorako laguntzetarako

EAJk eta PSE-EEk, gehiengo osoarekin, Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztutako 20 milioi euroko zuzenketen, PP+Cs-en 17 milioiko beste batzuen, eta EH Bilduren 1,5 milioiko biren alde egin dute.

Zuzenketen bozketa Aurrekontu Batzordean. Argazkia: EFE
Zuzenketen bozketa Aurrekontu Batzordean.
Zuzenketen bozketa Aurrekontu Batzordean. Argazkia: EFE

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeak, Eusko Jaurlaritzako alderdien aldeko botoekin, oposizioak EAEko Aurrekontuei aurkeztutako zenbait zuzenketa partzial onartu ditu. 40 milioi euroko zuzenketak dira, guztira.

Zuzenketen artean, Elkarrekin Podemos-IUk garraiorako laguntzak luzatzeko aurkeztutakoa dago. 12 milioi euroko zuzenketa baten alde bozkatu dute moreek eta Jaurlaritzako alderdiek, garraiorako % 50eko deskontuak Aurrekontuen legean sartzeko. Ezkerreko koalizioak 72 miloi euroko zuzenketa proposatu zuen deskontuak 2023 osoan luzatzeko, baina azkenean, "gehigarrizko krediturik" aintzat hartzen ez duen 12 milioi euroko zuzenketa adostu du EAJ eta PSE-EErekin.

EAJk EH Bildu kritikatu du akordio horretan ez egoteagatik. "Tamalez, EH Bilduk ateak itxi dizkio berriro elkarrizketari. 12 milioi lor zitzaketen garraiorako laguntzetan, baina ez dute nahi izan", esan du Alaitz Zabala ordezkari jeltzaleak.

Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak esan du akordioak ez duela "Legebiltzarraren agindua osorik betetzen", eta Gobernuan dauden alderdiek "arrabol irudia saihestu" eta "azken argazkia makillatu" nahi izan dutela, baina errealitatean ez dutela akordioak bilatzeko benetako borondaterik izan.

PP+Cs taldearekin adostutako zuzenketa 11 milioi erdikoa izan da Osakidetzan inbertsioak indartzeko. Osasunaren arloan ere, EH Bilduk aurkeztutako bi zuzenketa, milioi bat eta erdikoak guztira, onartu ditu Batzordeak, osasun mentalaren ingurukoak.

Gainontzeko zuzenketak seme-alabak dituzten familien laguntzetarako, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako obretarako, alokairuko etxebizitzaren sustapenerako eta Lanbiden lan orientatzaileak eta Osalanen ikuskatzaileak kontratatzeko dira.

Guztira, 1.500 milioi euroko 700 zuzenketa aurkeztu dira Aurrekontu Batzordean. Aurretik, osoko bilkuran, EAJk eta PSE-EEk oposizioko alderdiek aurkeztutako osoko zuzenketak atzera bota zituzten. Jaurlaritzak eta oposizioak negoziatzeko borondaterik eza aurpegiratu zioten elkarri, eta Azpiazu sailburuak aurreratu zuen Exekutiboko alderdiek 30 milioi euroko zenbait zuzenketa partzial onartuko zituztela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Legebiltzarra Ekonomia Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Aurrekontu Publikoak 2024