Ekonomia -

EAEko 2023ko aurrekontuak

Oposizioak aurkeztutako osoko zuzenketen koxka gainditu dute EAEko Aurrekontuek

EAJk eta PSE-EEk atzera bota dituzte EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, PP+Cs eta Voxek aurkeztutako zuzenketak. Gobernuak eta oposizioak negoziatzeko borondaterik eza aurpegiratzen diote elkarri. Azpiazuk aurreratu du Eusko Jaurlaritzak oposizioaren 30 milioi euroko zuzenketak onartuko dituela.

Pedro Azpiazu, Eusko Legebiltzarrean, gaur. EFE
Pedro Azpiazu, Eusko Legebiltzarrean, gaur. EFE
Aurrekontuen lege proiektua aurrera aterako da, talde guztien zuzenketekin

01:56

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak atzera bota ditu EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, PP+Cs alderdiak eta Voxek 2023rako Euskadiko Aurrekontu Proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak, Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdien (EAJ eta PSE-EE) aurkako botoa jasota.

Horrela, aurrekontu-proiektuaren eztabaidak aurrera egingo du, eta hemendik aurrera, kontuen behin betiko bozketaren aurretik, taldeek aurkeztutako zuzenketa partzialei buruzko eztabaida faseari ekingo zaio; taldeek 700 zuzenketa baino gehiago aurkeztu dituzte.

Ildo horretan, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak osoko bilkuran iragarri du Eusko Jaurlaritzak oposizioko taldeek egindako zuzenketa batzuk onartuko dituela, 30 milioi euro ingurukoak.

Azken eztabaida eta 2023rako euskal kontuen onarpena abenduaren 23ko osoko bilkuran izango dira, EAJk eta PSEk (Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiak) Eusko Legebiltzarrean duten gehiengoari esker.

Azpiazu sailburuaren hitzartzearekin hasi da saioa. Gogorarazi du aurrekontu proiektua 14.250,7 milioi eurokoa dela, 2022an onartutako abaino % 8,7 handiagoa, beraz, 1.142 milioi euroko igoerarekin. "Aurrekontu honen oinarriak oso sendoak dira, eta zerbitzu publikoen maila mantendu eta hobetzeko, jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta enplegua sortzeko behar den kaudimena bermatzen dute", ziurtatu du.

Era berean, nabarmendu du aurrekontu-proiektuaren guztizkoaren % 76 (10.254,6 milioi euro) gizarte-politiketara bideratua dagoela, eta igoera handienak Osasun eta Hezkuntza sailetakoak direla.

Sailburua "atsekabetuta" agertu da oposizioko alderdiekin izandako negoziazio prozesuarekin, uste baitu gainerako alderdiek ez dutela "akordioak erdiesteko benetako borondaterik" eduki hasieratik. "Fiskalitatean tematzea, egiturazko erreformetan ainguratzea edo 500 milioi euro inguruko igoerak proposatzea, horrek frogatzen du" borondate falta, kritikatu du.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak oposizioko taldeek proposatu dituzten zuzenketa batzuk onartuko ditu, "politika publikoetako aurrekontu-ildoak hobetu, eta Jaurlaritzaren proiektuarekin bat egiten" dutenak, hain zuzen, 30 milioi euro inguruko balioarekin.

Hala iragarri du Azpiazuk Eusko Legebiltzarra 2023rako kontu publikoen lege-proiektua aurkezteko egiten ari den osoko bilkuraren hasieran. Oposizioko talde guztiek osoko zuzeneketak aurkeztu badituzte ere Jaurlaritzaren proiektua aurrera aterako da, ezustekorik ezean, EAJren eta PSE-EEren, gobernuko alderdien, botoekin.

Sailburua "atsekabetuta" agertu da oposizioko alderdiekin izandako negoziazio prozesuarekin, uste baitu gainerako alderdiek ez dutela "akordioak erdiesteko benetako borondaterik" eduki hasieratik.

"Fiskalitatean tematzea, egiturazko erreformetan ainguratzea edo 500 milioi euro inguruko igoerak proposatzea, horrek frogatzen du" borondate falta, kritikatu du.

Osoko lau zuzenketa

Osoko zuzenketak aurkeztu dituzten taldeen hitzaldien txandan, Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du koalizioak kontuak itzultzea eskatu duela, "horretarako aukera izanda ere, gobernuak ez duelako maila eman eta ez dituelako aurten ematen ziren aldeko baldintzak aprobetxatu nahi izan herritarren bizitza hobetzeko eta etorkizunari bermeekin aurre egiteko".

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak azaldu duenez, aurkeztu duten osoko zuzenketa "ez da aurrekontu bati egindako zuzenketa hutsa", ezta "hauteskunde aurreko kontingentzian" kokatu beharrekoa ere, "eredu politiko eta sozial bati egindako zuzenketa bat da, zerbitzu publikoak indartzen eta babesten ez dituen eta partekaten ez dugun herri eredu bati egindakoa". Salatu duenez, bildutako diruaren zati handi bat pribatizaziora, externalizaziora eta kontzertaziora bideratzen da, zerbitzu horien kontrol publiko eta demokratikoa kaltetzen delarik.

Bestalde, Carlos Iturgaiz PP+Cs taldeko presidenteak Gobernuak Aurrekontuen negoziazioan erakutsi duen "harmen eskasa" kritikatu du, eta "zergak jaisteko duen itxikeria nabarmena" salatu du. Gainera, uste du aurrekontu horien oinarrian dagoen hazkunde aurreikuspena ez dela "errealista". Krisi garaietan "gizarteari egonkortasuna eta ziurtasuna" emateko beharra defendatu du, "Osakidetzan, adibidez, egunotan egiten ari direnaren guztiz kontrakoa".

Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak osoko zuzenketa defendatu du, Eusko Jaurlaritza osatzen duten taldeen "obsesioak" oinarri dituen aurrekontu "ideologikoei" erantzuteko neurri gisa. Era berean, Euskal Kupoarena fiskalitatearen eredu asimetrikoa dela salatu du,"salerosketa" politikotik gehiago duena lurralde arteko elkar-laguntzatik baino. Halaber, EAEko administrazioaren tamaina neurriz kanpokoa dela esan du.

Hazkunde-aurreikuspena

Era berean, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azpimarratu du "konfiantza osoa" duela 2023rako hazkunde-aurreikuspenetan, BPGaren % 2,1ekoa. Izan ere, azaldu duenez, "ingurunearen egoera zertxobait hobetzen ari da, eta euskal ekonomiaren benetako adierazleek sendotasun handia erakusten dute".

Hala ere, ohartarazi du "arrazoizkoa" dela interes-tasak igotzea, kapitalaren kostuari egokitzeko, baina "eskaera uzkurtu, eta atzeraldi gogor eta luze batera behartuak izateko arrisku larria dago, interes tipoak modu drastikoan, jarraituan eta epe labur batean igotzen badira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak EAEko Aurrekontuak