Ekonomia -
Diru Sarrerak Bermatzeko Legea
Legebiltzarreko Lan Batzordeak Diru Sarrerak Bermatzeko lege proiektuaren txostena onartu du
Izapide hori gaindituta, soilik geratzen da Ganberako osoko bilkurak behin betiko onartzea. EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk adostutako testuak jasota duenez, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren zenbatekoa 800 bat eurokoa izango da.
EITB MEDIA
Legebiltzarreko Lan eta Enplegu Batzordeak Diru Sarrerak Bermatzeko eta Inklusiorako Euskal Sistemaren lege proiektuaren txostena onartu du asteazkenean. Hortaz, izapide hori gaindituta, soilik geratzen da Ganberako osoko bilkurak behin betiko onartzea EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk adostutako testua.
Txostenaren zati nagusiak EAJren, PSEren eta Elkarrekin Podemos-IUren aldeko botoa jaso du; EH Bildu abstenitu egin da, eta PP+Csek kontrako botoa eman du. Urrian, soilik Voxek eskatu zuen txostena Eusko Jaurlaritzari bueltatzea, baina gainerako taldeek osoko zuzenketa hori atzera bota zuten.
Eusko Jaurlaritzaren proiektu hori onartzea hasieratik zegoen bermatuta, EAJk eta PSE-EEk duten gehiengoari esker. Dena dela, jeltzaleek eta sozialistek urriaren hasieran Elkarrekin Podemos-IUrekin sinatutako akordioari esker, testuak 47 legebiltzarkideren babesa du.
Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta, 803 eurokoa
Hiru alderdien itxitako akordioaren arabera, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren zenbatekoak gora egingo du. Gorakada hori kalkulatzeko, zehazki, Estatistikako Institutu Nazionalak Estatu osorako 'Bizitza Baldintzetako Inkesta' izenekoan aurreikusitako pobrezia arriskua baliatuko dute, edo, bestela, 'Pobreziaren eta Gizarte Ezberdintasunaren Euskadiko Inkesta Ofiziala'. Elkarrekin Podemosek emandako datuen arabera, baliabide horrek aurreikusten du Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren gutxieneko zenbatekoa 803 eurokoa izango litzatekeela; berez, Eusko Jaurlaritzak hurrengo urteari begira prestatutako aurrekontu proiektuak 312 milioi euro ditu Errenta horretarako, aurreikusita horren zenbatekoak % 8,5 egingo duela gora. Gainera, Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrerako 173 milioi euro daude aurreikusita, eta 80 milioi Etxebizitzaren Prestazio Gehigarrirako.
Horrez gain, neurri batzuk ezarri dituzte, xede izanik ez izatea laguntza jasotzen ez duen hartzailerik balizko forma akatsengatik; Elkarrekin Podemosek azaldu duenez, "bizitza proiektuetan konponbide oso zaileko edo ezinezko kalteak" izango lituzke hartzaile horiek.
Gizatalde zaurgarrientzako erroldatze baldintza ere alde batera utzi dute; horrek eragingo die, besteak beste, errefuxiatuei, salerosketako edo sexu esplotazioko biktimei eta indarkeria matxistako biktimei. Horrez gain, baldintza hori urtebetekoa izango da adingabeak edo adinekoak mendekotasun egoeran edo desgaitasuna duten adineko pertsonak euren ardurapean dituztenentzat.
Ikuskapen sisteman aldaketak ezarri dituzte, legeak jasotako gizarte prestazioen tramitazioa, jasotzea eta jarraipena "adeitsuagoak eta berme handiagokoak" izan daitezen. Horrela, Lanbide indartuko dute; Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta kudeatzen duen erakundea da, eta langile kopuru egokia izango ditu, prestakuntza espezifikoarekin.