Ekonomia -

AKORDIOA

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak 2022-2026 bosturtekorako kupoa onartu du % 6,24ko egozte-indizearekin

Oinarrizko urteko kupoa 1.472 milioi eurokoa izango da. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko ogasunek ingurumena kudeatzeko bi zerga berri bilduko dituzte.

Maria Jesus Montero Ogasun ministroa eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua. EFE.
Maria Jesus Montero Ogasun ministroa eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua. EFE
Azpiazu: ''Akordioak euskal autogobernua eta Kontzertu Ekonomikoa indartuago ateratzea lortu du''

1:07

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Espainiako Gobernuak osatutakoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Kupoaren Bosturteko Legea berritzea onartu du. 2022-2026 bosturtekorako kupoak 1.472 milioi euroko urteko ekarpena ezartzen du, eta egozte-indizea % 6,24an mantentzen da.

Horrela islatzen da Maria Jesus Montero Ogasun ministroak eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Ramiro Gonzalez (Araba), Unai Rementeria (Bizkaia) eta Markel Olano (Gipuzkoa) Euskadiko hiru ahaldun nagusiek ostegun honetan sinatu dituzten finantza arloko akordioetan.

Zenbateko hori gaur egun Estatuari ordaintzen ari zitzaion kupoaren oso antzekoa da. Oinarri-kupo horretan, enplegu-politika aktiboen balorazioa ez da nork bere gain hartutako karga gisa integratzen; izatez, urtero antolatzen da Estatuari ordaindu beharreko kupo likidoaren konpentsazio gisa.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azpimarratu duenez, "garrantzi handiko akordioa lortu da gaur", eta "euskal autogobernua eta Kontzertu Ekonomikoa sendoago ateratzea lortzen duen akordioa dela" gaineratu du.

Guztira, eduki fiskaleko eta finantzarioko 15 akordio adostu dituzte. Behin betiko zenbatekoak honela banatzen dira: 2021eko kupo likidoa (1.403 milioi euro), finantza-konpentsazioak (2021erako behin betikoa eta 2022rako behin-behinekoa), eta enplegu-politika aktiboen balorazioa (2021erako behin betikoa eta 2022rako behin-behinekoa).

Bi zerga berri
Era berean, Batzorde horrek bi zerga-figura berri ituntzea erabaki du, ingurumenaren kudeaketarekin zerikusia dutenak: berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia eta hondakinak zabortegietan uztearen, erraustearen eta hondakinak batera erraustearen gaineko zerga.Horrela, bi zerga-figura berri horiek EAEko ogasunetatik bilduko dira. Berotegi-efektuko gas fluordunen gaineko zergan egindako aldaketetara ere egokituko da Ekonomia Ituna.Oraingoz akordioan sartu ez dena, berriz, bankuen eta energiaren gaineko zerga berriak izan dira, baina Pedro Azpiazu sailburuak esan du Pedro Sanchezen Gobernuarekin harremanak daudela aurrerago zehazteko. Finantza arloko akordioen artean dago, baita ere, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren kudeaketaren finantzaketaren instrumentazioa, duela hilabete batzuk Transferentzien Batzorde Mistoan Eusko Jaurlaritzari transferitu zitzaiona.Halaber, Euskadik Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren zuzkiduretan eta osasun-arloko funtzioak finantzatzeko aparteko zuzkiduretan (13,4 milioi inguru) parte hartzea erabaki da, baita beken osagarria ere (23,9 milioi).
Bestalde, berretsi egin dute Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak 2022ko irailaren 28an sinatutako 2023ko ekitaldirako aurrekontu-egonkortasunari buruzkoa akordioa.
Nolanahi ere, datozen bost urteetarako kupoaren metodologia berri hori berretsi beharko dute Kongresuak eta Senatuak, araua baita, eta artikulu bakarreko lege gisa izapidetuko da.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kontzertu Ekonomikoa Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia Arabako Foru Aldundia