Ekonomia -
Lan-gatazka
Tubacexeko langile baten aurkako epaiketa hasiko da gaur Gasteizen
Tubacexeko langileek abiatutako greba bitartean, protesta batean atxilotu zuten beharginetako bat da akusatua. Fiskaltzak 15 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du harentzat. LAB sindikatuak salatu du "muntaia poliziala" dela, eta elkarretaratzea deitu du langileari elkartasuna adierazteko.
EITB MEDIA
Tubacexeko langileek 2021ean egindako 7 hilabeteko grebaren protestetako batean atxilotutako behargin bat epaituko dute gaurtik aurrera Gasteizen, Alea kazetak jaso duenez. Fiskaltzak 15 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du harentzat. LAB sindikatuak salatu du "muntaia poliziala" dela, eta elkarretaratzea deitu du langileari elkartasuna adierazteko, astelehen honetarako Gasteizko Justizia Auzitegian aurrean, "Lanpostua defendatzea ez da delitua" lemapean.
LAB sindikatuak azaldu duenez, epaituko duten behargin horri gertatutakoa "Tubacexeko langileek greban zehar eta grebaren ostean jasan behar izan dituzten isun, mehatxu eta neurriz kanpoko inputazioen" testuinguruan kokatu behar da. Sindikatuak gogoratu duenez, Tubacexeko beste sei langile auzipetu dituzte (eta espetxe-eskaerak jaso), eta "25.000 euro baino gehiago ordaindu behar izan dituzte isunetan".
"Argi utzi nahi dugu aipatutako guztia kriminalizazio estrategia bat besterik ez dela, hainbat boterek aurrera eramaten dutena, Tubacexeko greban aktiboki parte hartu zuten eta euren lanpostuak defendatzeko eskubidea erabili zutenak zapaltzeko", gogor salatu du LABek.
Gaur epaituko duten langileak Bizkaiko zein Arabako metaleko eta beste sektoreetako langileen babesa ere jaso du.
2021eko irailaren 30ean, lan gatazka luzeari amaiera ematen zion akordioa itxi zuten Tubacexeko zuzendaritzak eta enpresa batzordeak. Laudioko eta Amurrioko lantegietako beharginek 232 egun eman zituzten greban. Akordioari esker, kaleratze guztiak bertan behera geratu ziren, eta 2024ra arte enplegua eta inbertsioak bermatuta geratu ziren murrizketa batzuen truke.