Ekonomia -
Trazadura berria
Bilboko tranbia espaloiak eta bidegorria izango duen zubi batetik helduko da Zorrotzaurrera
Eusko Jaurlaritzak bihar, ostiralarekin, argitaratuko du proiektuaren informazio-azterlana. 42 milioi euro pasatxoko aurrekontua du. Euskalduna Jauregia izango du abiapuntu, eta Olabeaga izango da lehen geltokia; handik uhartera igaroko da zubi berri horren bidez.
EITB Media
Bilboko tranbia Zorrotzaurreraino luzatzeko trazadura berria zubi baten bidez helduko da uhartera. Zubiak 100 bat metro edukiko ditu, erdiko plataformatik tranbiek baino ez dute zirkulatuko, eta oinezkoentzako espaloiak eta bidegorria izango ditu. Hala, jasota dago Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak bihar, ostiralarekin, argitaratuko duen informazio-azterlanean. Behin azterlana kaleratuta, 30 eguneko alegazio epea egongo da.
Trazadura berriak bost geltoki izango ditu 2,4 kilometroko luzeran. 42 milioi euroko aurrekontua (BEZa gehituta) du proiektuak, eta bi urte eta erdiko lanak espero dira.
Ibilbide berria Euskalduna Jauregiko geltokia gainditu eta gutxira abiatuko da. Bertan, tranbiak buelta emango dio Jesusen Bihotzaren biribilguneari, Zorrotzaurrera zein Casillara joateko. Beraz, luzapen hori martxan jarri ondoren, gaur egun Jesusen Bihotzaren eta Euskaldunako biribilgunearen artean dagoen bulego-eraikinaren aurretik doan tartea bertan behera da.
Lehen geltokia Olabeagan izango du. Trokabideako bidegurutzearen inguruan, Ventosa bidetik Olabegaraino jaisten den trenbide txiki batean, hain justu. Bertara heltzeko, Ezkerraldea eta Bilbo lotzen zituen Renferen trenbide-trazaduratik behera egin beharko du erabiltzen ez den trenbide-plataformaren kotara iritsi arte.
Behin uhartera iritsita, eta Zorrotzaurreko hirigintza-garapenerako diseinatutako plana amaitu arte, beste lau geltoki egongo dira. Lehena Frank Gehry Zubitik gertu egongo da. Zubi horrek Deustuko behealdearekin lotzen du uhartea, etorkizuneko hegoaldeko parke teknologikoaren ondoan.
Tranbiak uhartearen beste muturrerantz egingo du Galleteras Etorbidetik, eta bigarren geltoki bat izango du Artiach galleta fabrika zaharraren eraikinaren ondoan eta San Pablo Apostoluaren parrokiatik gertu.
Hirugarren geltokia Digipen eta Mondragon unibertsitateak hartzen dituzten Beta eraikinetatik gertu egongo da. Bilboko Udala erabilera publikoko plaza berri bat urbanizatzeko lanak eta geotermia proiektu bat egiten ari da bertan. Azkenik, uharteko laugarren geltokia etorkizunean iparraldean egingo den parke teknologikoaren parean egongo da, Lancor eraikinaren parean eta San Inazioko zubitik gertu.