Ekonomia -
Soldata publikoak
Espainiako Gobernuak soldata publikoak hiru urtean % 8 igotzea proposatu du
Hain zuzen ere, hauek dira proposatutako igoerak: % 3,5, aurten; % 2,5, 2023an; eta % 2, 2024an. Jaurlaritzak aurreratu du igoera berdina ezarriko duela.
EITB MEDIA
CSIF eta UGT sindikatuek aurreratu dutenez, soldatak 2022an % 3,5, 2023an % 2,5 eta 2024an % 2 igotzea proposatu die Espainiako Gobernuko Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioak arlo publikoko sindikatuei. Aurtengo hasieran, Espainiako Gobernuak % 2ko igoera ezarri zuen, eta orain, 1,5eko igoera proposatu du; hala, 2022rako mahaigaineratutako % 3,5eko igoera gauzatuko litzateke.
Proposamenak, horrez gain, lanaldia asteko 35 ordutara murriztea aurreikusten du, bai eta hobekuntzak ere, barne promoziorako, mugikortasunerako eta sarbiderako.
Konpromisoa hartu dute, halaber, kanpoaldeko langileentzako aurrerapenak izateko (ez dituzte zehaztu), baita funtzio publikoaren legea garatzeko, telelana egiteko eta talentuaren atzemateko ere.
Espainiako Gobernuak eta sindikatuek izandako bilera amaituta, UGTk nabarmendu du Gobernuak "asmo ona" duela, 2022rako atzeraeraginezko % 1,5 hori gehituta, baina 2023rako eta 2024rako eguneratzeak, aldiz, nahikoak ez direlakoan dago.
CCOO sindikatuak ere espero du "ahalegin osagarria" espainiar Gobernuaren aldetik, "azken urteotan funtzionarioek galdutako erosahalmenari aurre egitea helburu". CSIFk "positibotzat" jo du topaketa, baina, gainerako sindikatu negoziatzaileek ere egin dutenez, uste du igoera ez dela nahikoa, "erosteko ahalmenean izandako galera ez duelako zuzentzen".
Negoziazioan dauden aldeak ostegunean bilduko dira berriro 16:30ean.
Igoera Euskadin
Euskadin, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak iragarri du Espainiako Gobernuak onartuko duen igoera berbera ezarriko duela EAEko langile publikoentzat. "Igoera % 3,5ekoa bada, guk % 3,5eko igoera ezarri behar dugu, ezin dugu igoera handiagoa egin", azaldu du.
Azpiazuk aitortu du Jaurlaritzak igoera txikiagoa egiteko ahalmena duela, baina nabarmendu du ez dutela halakorik egingo, "langileen eta funtzionarioen erosteko ahalmena mantentzeko".