Ekonomia -

Nafarroako Volkswagen

Maria Chivitek enpleguarekin konpromisoa hartzeko eskatuko dio Nafarroako Volkswageneko presidente berriari

Nafarroako Gobernuko presidenteak bilera egingo du ostiral honetan Michael Hobusch Nafarroako Volkswageneko presidente berriarekin.

Maria Chivite, ostegunean, Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE.
Maria Chivite, ostegunean, Nafarroako Parlamentuan
Maria Chivite, ostegunean, Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak bilera egingo du ostiral honetan Michael Hobusch Nafarroako Volkswageneko presidente berriarekin. Chivitek Landabengo enpleguarekin konpromisoa hartzeko eskatuko dio Hobuschi.

Ekitaldi instituzional batean, Chivitek esan die komunikabideei Foru Gobernua, historian zehar, "enpresaren aldamenean" izan dela, "Volkswagenen aldamenean, laguntza ematen, babesten, garatu eta hazteko testuingurua sortzen".

"Horixe ari da egiten Nafarroako Gobernua lehenengo minututik", nabarmendu du presidenteak. Chiviteren iritziz, "Volkswagenek ere hartu behar du konpromisoa Foru Erkidegoarekin, eta Foru Erkidegoko enpleguarekin".

Presidenteak nabarmendu duenez, ikuspuntu horiek helaraziko dizkio Nafarroako Volkswageneko presidente berriari. Eskatu ere eskatuko dio "eskutik helduta lanean jarraitzeko", eta enpleguarekin erantzunkidetasuna izateko: "Gu, haiekin; baina baita haiek gurekin ere".

Chivitek deitoratu egin du ostegunean, Nafarroako Parlamentuan, ezin izan zutela ekimen bat onartu, Volkswageneko Enpresa Batzordeko sindikatu guztiek onartutako testu bat jasotzen zuen ekimena, hain zuzen ere. Testuan, sindikatuek Ganberari eskatzen zioten "elkarlanean, langileen ordezkariekin eta lantegiko Zuzendaritzarekin, lan egiteko asmoa isla zezan", fabrikako interesen eta hornitzaileen alde egite aldera.

"Hala da. Enpresa Batzordeak testua eman zigun, eta indar politikoek sinatu genuen, Navarra Sumak izan ezik. Nire iritziz, testu hori onartu beharko genuen", zehaztu du presidenteak.

Navarra Suma, gehitu du, "ez zegoen ados Enpresa Batzordeak proposatutako zuzenketa horrekin, eta horregatik ez da onartu. Uste dut erabilera politikoa izan dela hemen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Volkswagen albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Nafarroako Gobernuko presidentea Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan