Ekonomia -
Piaspeko parke eolikoa
Statkraft enpresak eta Azpeitiko Udalak urriaren 11n azalduko dituzte proiektu eolikoaren nondik norakoak
Soreasu antzokian egingo dute batzar irekia, 19:00etan hasita. Norvegiako konpainia publikoak 33 megawatteko gaitasuna izango duen parkea altxatu nahi du Gipuzkoako udalerrian.
Eider Garaikoetxe O. | EITB Media
Statkraft enpresak eta Azpeitiko Udalak urriaren 11n azalduko dituzte konpainia norvegiarrak Gipuzkoako herri horretan, zein Errezilen eta Zestoan, altxatu nahi duen Piaspe parke eolikoaren inguruko xehetasunak, Udalak ohar bidez jakinarazi duenez.
Horren arabera, 20 egun barru herritarrei zuzendutako batzar irekia deitu du Udalak. Soreasu antzokian egingo dute, 19:00etan.
Joan den astean egin zen publiko Statkraft enpresa EAEn bi parke eoliko eraiki nahian dabilela, eta horietako bat Azpeitian kokatu asmo dutela. Nagore Alkorta udalerriko alkateak (EH Bildu) batzar informatibo bat deituko zuela agindu zuen, "gardentasunez proiektuaren inguruko informazio osoa herritarrei jakinarazteko".
Udalaren esanetan, bilerara Statkraft Norvegiako enpresa publikoaren ordezkariak ere gonbidatu dituzte, eta bertan izango direla baieztatu dute.
Batzar informatiboaren berri emateaz gain, Statkraftek bidalitako eta irailaren 16an formalki erregistratutako adierazpena eskegi du tokiko erakundeak bere webgunean. ("Piaspe proiektu eolikoarekin lotutako lankidetza publiko pribatua sustatzeko adierazpena" du izena dokumentuak, eta albiste honen argazkian ikus daiteke).
"Tamaina honetako proiektuei dagokionez, lehen aldiz hitz egiten da herritarren parte hartzeaz energia komunitateen bitartez, tokiko enpresen edota udalen jabetza partekatuaz. Orain arte ezagutzen ez den eredu batez ari gara, egungo sistema energetikoa aldatu eta denon artean herritarren beharrei erantzungo dien eredu berritzaile bat eraikitzeko aukera posibleaz; energia kontsumitzaile soil izatetik energia sortzaile izateko aukeraz", nabarmendu du, horren harira, Udalak.
Bestalde, Statkraft multinazionalak beste ohar batean azaldu du Piaspeko parke eolikoaren proiektua "hasiberria" dela baina saiatuko dela inguruko herritarrek dituzten "zalantzak eta kezkak argitzen" eta defendatzen duten "eredu parte hartzaile eta irekia" azaltzen.
Zehaztu dutenez, konpainiaren bozeramaileak EAEn eraiki asmo dituzten parkeen hiru oinarriak honakoak dira: "Tokian tokiko komunitate energetikoen bidez energia sozializatzea, euskal industria kilometro 0ko energiarekin hornitzea eta lankidetza publiko-pribatua".
Statkraften hitzetan, hainbat bide aztertzen ari da enpresa kaltetutako herritarrek "Euskadiren trantsizio energetikoaren prozesuan parte hartze zuzena izan dezaten".