Ekonomia -
langileen eguna
Maiatzaren Lehena Frantzian, istiluen eta ezkerraren gertuko akordio baten ildotik
Langileen Nazioarteko Egunak milaka manifestari bildu ditu Frantziako hirietan, haustura sozial gorakorrak baldintzatutako giroan.
agentziak | eitb media
Parisko istiluek lausotuta, Maiatzaren Lehenak milaka manifestari bildu ditu Frantziako hiri desberdinetan, ekaineko hauteskunde legegileei begira ezkerreko alderdien koalizio baten hurbiltasunak markatutako giroan.
Aurreko urteetan bezala, Frantziako hiriburuan manifestazio nagusitik kanpoko istiluak izan dira. Talde erradikal horiek hiri-altzariak, jatetxeak zein banketxeak apurtu eta erre dituzte.
Errepublikaren plazatik gorabeherarik gabe atera den martxa baimendunetik banandu dira batzuk, León Blum plazan biltzeko, Voltaire bulebarraren parean. Poliziak gas negar-eragilea jaurti du, manifestariak sakabanatzeko.
"Bandaloek Maiatzaren 1eko manifestazioak zapuztu dituzte, Parisen bereziki, indarkeria onartezina baliatuz. Erabateko babesa Segurtasun Indarrei", adierazi du Gérald Darmanin Frantziako Barne ministroak, Twitter bitartez.
Haustura sozial gorakorra
Langileen Eguneko manifestazioa, ezkerreko sindikatu eta alderdiek bultzatutakoa, Frantziako haustura sozial giroan egin da. Emmanuel Macron Errepublikako presidente zentristaren neurriek eragin dute haustura hori. Joan den igandean berrautatu zuten, beste bost urterako.
Presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzulian Macronek Marine Le Pen ultraeskuindarrari irabazi eta astebetera izan dira protestak, ezkerraren botoei esker hein handi batean, lehen itzulian kanpoan gelditu arren, botoen % 22 lortuta.
Manifestazioan botatako mezuen artean, ugariak izan dira jubilazio adina aurreratzearen aldekoak, Macronek 62 urtetik 65 urtera luzatu nahi baitu, eta soldata minimoa handitzearen aldekoak.
Hauteskunde legegileetarako bost aste falta diren honetan, protestako mezuek hauteskunde kutsua ere izan dute; bereziki, ezkerrak baterako hautagaitzan biltzea duelako helburutzat, Macronen botereari aurre egingo liokeen Asanblean presentzia ona izateko.
Manifestazioa abiatu aurretik, Jean-Luc Mélenchonek, Frantzia Intsumisoa (LFI) boto gehien jaso dituen ezkerreko indarraren buruak, mitin laburra egin du Errepublika plazan, ehunka militanteren aurrean.