Ekonomia -
Garraiolarien greba
Espainiako Gobernuak 500 milioi euroko neurriak iragarri ditu garraiolarientzat, gasolioa merkatzeko
Bien bitartean, kamiolariek karabanak egin dituzte Bizkaian eta Nafarroan. Zortzi egun daramatzate greban.
AGENTZIAK | EITB Media
Espainiako Gobernuak eta garraio sektoreko enpresa nagusiek 500 milioi euroko neurriak adostu dituzte, gasolioaren prezioa merkatzeko eta erregaien garestitzeak eragin duen krisiari aurre egiteko.
Raquel Sanchez Garraio, Mugikortasun eta Hirigintza Agenda ministroak egin du iragarpena, Errepideko Garraioaren Batzorde Nazionalarekin (CNTC) bildu ostean. Sektore horretako enpresen % 80 ordezkatzen ditu erakunde horrek.
Besteak beste, erregaien zergari hobari fiskalak aplikatzea hitzartu dute. Berez, Espainiako Gobernua eta garraio-enpresen ordezkariak datorren ostiralean bilduko dira hobari horren zenbatekoa zehazteko, baina Pedro Sanchezen Exekutiboak aurreratu du diru-laguntza 500 milioi euroko izango dela.
Bestalde, greba deialdia egin duen plataforma ez dator bat CTNCko ordezkariekin, eta esan du eurak Gobernuarekin bildu arte ez dutela greba mugagabea egiteko deialdia bertan behera utziko.
"Garraio Ministerioak Plataformarekin eseri, negoziatu, adostu eta sinatzen ez duen bitartean, honek ez du etenik izango: argi izan behar dute", adierazi du Manuel Hernandez plataformako presidenteak.
"Pertsona okerrekin" negoziatzen ari dela ohartarazi dio Espainiako Gobernuri sare sozialen bidez; izan ere, CNTC patronal handiek osatzen dute, eta ez dute Plataforma ordezkatzen.
"Indartsu, sendo eta kontzientziaturik gaude. Ez dugu batere presarik, geldi lanean baino askoz gutxiago gastatzen dugulako", ohartarazi du plataformak.
Zortzigarren greba eguna
Bien bitartean, Hego Euskal Herrian Hiru eta Tradisna garraiolarien elkarteek babestutako greba mugagabeak zortzigarren eguna du gaur. Kamioilariek karabanak egin dituzte Bizkaian eta Nafarroan, gobernuen egoitzaraino.
Bizkaian, Hiru sindikatuak deituta, kamioien karabana egin dute goizean Larrabetzutik Bilbora, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino. Hala ere, ezin izan dute Bilbon sartu, ez dutelako baimena lortu, Jon Altuna eta Alberto Nuñez Corral sindikatuko ordezkariek deitoratu dutenez.
Bilboko Portuko garraiolariek ere beste kamioi-martxa bat egin dute Zierbenatik.
Protesta eguerdi inguruan izan da, A-8 autobidean, Muskiz inguruan, Kantabriako mugatik gertu. Bertan, 3-4 kilometroko auto-ilarak sortu dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek adierazi dutenez.
Kamioirik gabe bada ere, Hiruko garraiolariek euren aldarrikapenak eraman dituzte Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzara. Bertan, komunikabideei egindako adierazpenetan, zezena adarretatik hartzeko" eskatu diete Eusko Jaurlaritzari, foru aldundiei eta Nafarroako Gobernuari, eta gasolioaren prezioa aldatzeko eskumenik ez dutela dioten "adierazpenetan ezkutatzeari" uzteko eskatu diete.
Nuñez Corralek argitu duenez, euskal erakundeei egindako eskaerak ez dira "zergei buruzkoak bakarrik", baizik eta garraiolariek beren jarduera baldintza egokietan garatu ahal izateko "gutxieneko baldintzak" ahalbidetuko dituzten neurriak negoziatu eta adostearekin dute zerikusia, gasolioaren prezioaren mende egon beharrik izan gabe.
Produktuen falta
Greba gero eta eragin handiagoa izaten ari da industrian eta merkataritzan. Gasteizko Mercedes-Benzen eta Iruñeko Volkswagenen lantegiak, Euskal Herriko lantegi handienak, adibidez, itxita egongo dira gaur, hornigaien faltaren ondorioz.
Merkataritzari dagokionez, produktuen eskasia nabaritzen hasi da. Mercabilbao saltoki txiki eta handientzako merkatuan, adibidez, produktu fresko batzuk, batez ere fruta eta barazkiak, stock erdian daude, eta beste askoren eskasia astean zehar nabarituko dute.
Arrantzan ere izaten ari da eragina. Gasolioaren prezioak eta garraiolarien grebak ataka larrian utzi dituzte arrantzaleak. Euskal arrantzaleak iragan astelehenetik daude itsasoratu gabe, eta asteartean ere ez dira itsasoratuko Gipuzkoako baxurako arrantza-ontziak, egunero aztertuko baitute egoera.
Geldialdia dela eta, Bilboko portutik ez da karga lehorrik ateratzen, kaietan pilatzen ari baita, baina ez dago kolapsatzeko arriskurik, edukiontziak biltegiratzeko gaitasuna baitute. Bilboko portua "ehuneko ehunean" dabil, Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzaren presidentearen arabera.