Ekonomia -
garraiolarien greba
Euskal arrantzaleek gaur erabakiko dute berriro itsasoratu edo ez, astebete portuan igaro ondoren
Eugenio Elduaien Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradiako presidenteak Euskadi Irratian azaldu duenez, lanuzteak luze jo dezakeen susmoa du, "erregaiaren prezioekin" egoera ez baita bideragarria. "Laguntzak lehenbailehen behar ditugu", esan du.
eitb media
Gasolioak eta garraiolarien grebak ataka larrian utzi dituzte arrantzaleak. Euskal arrantzaleak iragan astelehenetik daude itsasoratu gabe, eta astelehenean erabakiko dute aurrerantzean zer egin. Estatu mailako Arrantzaleen Kofradien Federazio Nazionalak, berriz, asteazkenean egingo du bilera, zer egin erabakitzeko. Euskal arrantzaleak ez daude federazio horretan, baina bat datoz aldarrikapenarekin: gasolioaren prezioak ez du itsasoratzea bideragarri egiten.
Eugenio Elduaien Gipuzkoako Arrantzale Kofradietako presidenteak asteburuan Euskadi Irratiko "Goiz Kronika" saioan adierazi duenez, "luze jo dezake" egoerak, eta laguntza eskatu du, "lehenbailehen".
"Orain behar ditugu laguntzak, eta ez epe luzera, berdin zaigu nondik datozen. Frantsesek oso azkar egin dute, eta ez dut ulertzen Espainiak nola ez duen azkarrago egiten", esan du.
Horren aburuz, gasolina "ez da bideragarria" oraingo prezioetan, eta enpresa asko "kili-kolo gelditzeko arriskuan daude, erregaiaren prezio hauekin".
Egoerak "luzera joko du", Elduaienen ustez: "Bihar erabakiko dugu, baina Estatu mailan gertatzen ari dena ikusita, kezka handia dago".