Ekonomia -
Enpresaburuak
CEOEk lanbide arteko gutxieneko soldata 1.000 eurora igotzea errefusatu du
Espainiako Gobernua patronalarekin eta sindikatuekin asteazken honetan bilduko da berriro. CEOEk errefusatu ondoren, ia ziur igoera sindikatuen babesarekin soilik onartuko da berriro, iragan irailean onartutakoaren antzera.
Agentziak | EiTB Media
CEOEko zuzendaritza batzordeak aho batez lanbide arteko gutxieneko soldata gordina hilean 1.000 eurora igotzea arbuiatu du. Beraz, Espainiako Gobernuaren proposamena errefusatu du.
CEOEk eta Cepymek ohar bateratu batean azaldu dutenez, igoera "ziurgabetasun" ekonomiko testuinguru batean egingo dute, "litekeena da, krisi aurreko negozio maila 2023ra arte ez berreskuratzea, enpresen kostuetan presioak areagotuko direlako eta produktibitatearen beherakada esanguratsua izango delako".
Espainiako enpresaburuen hitzetan, "lan kostuak igo eta enpresen irabazteko tartea mugatu dezakeelako (…) etorkizunean ekonomiak dinamismo gutxiago izan dezake eta lanpostu gutxiago sor ditzake".
CEOE eta Cepymeren ahotan, dagoeneko enpresek "2019tik gutxieneko soldataren % 30eko igoera jasan dute; iragan irailean igoerarekin, 2022koa gehituta % 5,2koa".
"Gobernuaren proposamena onartezina da sektore bereziki zaurgarrietan, esaterako nekazaritzan eta eskulan askokoak (garbiketa, ostalaritza etab), urteak daramatzate mota honetako gainkostuak pairatzen", nabarmendu dute enpresaburuek.
CEOEren esanetan, proposamenak "Gobernu barruko helburu politiko bat ematen du gehiago, logika ekonomikoa aplikatu beharrean".
Espainiako Gobernua patronalarekin eta sindikatuekin asteazken honetan bilduko da berriro, igoera lehenbailehen onartzeko xedearekin. Igoera atzeraeraginezkoa izango da urtarrilaren 1etik.
CEOEk errefusatu ondoren, ia ziur igoera sindikatuen babesarekin soilik onartuko da berriro, iragan irailean onartutakoaren antzera.