Ekonomia -

Pentsioak

ELAk esan du pentsioei buruzko akordioak murrizketa gehiago ekarriko dituela

Sindikatuaren iritziz, gizarte-kotizazioen % 0,6ko igoera ez da nahikoa izango sistema publikoaren "egiturazko" egoera aldatzeko, eta ez du bere etorkizuna bermatzen.

Pentsiodunen protesta batean erretiratutako hainbat pertsona. Argazkia: EFE.
Pentsiodunen protesta batean erretiratutako hainbat pertsona
Pentsiodunen protesta batean erretiratutako hainbat pertsona. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELAk errefusatu egin du Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek pentsioen harira lortutako akordioa murrizketa gehiago ekarriko dituztelako eta gizarte-kotizazioen % 0,6ko igoera "ez delako nahikoa izango" sistema publikoaren "egiturazko" egoera aldatzeko, ez duelako etorkizuna bermatzen.

Mikel Noval sindikatuko Ikerketa Kabineteko arduradunak ohartarazi duenez, Gizarte Segurantzako ministroak, Jose Luis Escrivak, CC. OO. eta UGT sindikatuekin eta patronalaren presentziarik gabe, Iraunkortasun Faktorea ordezkatuko duen Belaunaldien arteko Ekitate Mekanismoa arautzeko akordioak "pentsioen murrizketa berri bat ekarriko du".

Novalen arabera, akordioak "espresuki" jasotzen du Espainiako Gobernuak 2033tik aurrera "pentsioen gastuaren ehunekoa BPGren arabera murrizteko" neurriak planteatzeko konpromisoa. "Beste era batera esanda, Gobernuak pentsioak murrizteko konpromisoa hartzen du", esan du Novalek.

Gainera, 2022rako pentsioen erreforma berri bat "iragarrita" dagoela kritikatu du, Bruselarekin "hainbat murrizketa" egiteko konpromisoa hartu baitute, hala nola pentsio berrien zenbatekoa murriztea, pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen den urte kopurua 25 urte baino gehiagora luzatuz.

Ildo horretan, ELAk alderdi politikoei eskatu die, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos bereziki aipatuz, "ez dezatela beren botoekin neurri horietako bat ere babestu", eta konpromisoa har dezatela 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformak indargabetzeko, hileko 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko eta erretiro aurreratuen murrizketak baztertzeko.

Toledoko Ituna eta horrekin batera doan Elkarrizketa Soziala arautzen dituen "logikarekin haustea" eta pentsio publikoen hobekuntza nabarmenarekin ordezkatzea eta sistema zergekin ere modu garrantzitsuan finantzatzea eskatu du sindikatuak, ez bakarrik kotizazioekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA Espainiako Gobernua Gizartea Ekonomia berriak Eguneko albisteak Albisteak Pentsioak