Ekonomia -
Espainiako aurrekontuak
EH Bilduk eta ERCk zuzenketa bateratuak aurkeztu dituzte eta "ekintzak" eskatu dizkiote Sanchezen gobernuari
Arnaldo Otegik azaldu duenez, koalizio subiranistak eta alderdi errepublikanoak ez dute kontuak "blokeatzeko inongo borondaterik, baina hori ez dago gure esku, bakarrik". Hala, "konpromiso zehatzak" galdegin dizkiote Espainiako Gobernuari.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Espainiako Aurrekontu Orokorren negoziazioa "azken txanpan" sartu den honetan, Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak "ekintzak" eskatu dizkio Espainiako Gobernuari, koalizio subiranistaren eta ERCren babesa bermatze aldera. Izan ere, bi indarrek zuzenketa bateratuak aurkeztu dizkiote PSOEren eta Unidas Podemosen aurrekontu proiektuari.
Otegik prentsaurrekoa eman du Donostian Mertxe Aizpurua EH Bilduk Kongresuan duen bozeramailearekin batera. Une berean, ERC ere prentsa aurrera atera da Bartzelonan. Ezkerreko bi indarrek "prentsaurreko koordinatuak" egin dituzte, euren "sintonia bertsua" agerian uzteko, Otegik zehaztu duenez.
Buruzagi abertzaleak nabarmendu duenez, EH Bilduk "oso posizio koherentea" izan du zentsura moziotik eta inbestiduratik, eta "jarrera eraikitzailea" agertu du denbora honetan guztian. Horri kontrajarriz, Espainiako Gobernuak izandako jarrera kritikatu du: "Ez du bakarrik balio gobernu bat sustengatzeko esatea alternatiba txarragoa dela, hori badakigu (...) ezkerrekoa omen den gobernu batek frogatu behar du ekintzez ezkerrekoa dela".
Otegiren ustez, aurrekontuetan "ikusten da gobernu batek zein lehentasun dituen", eta eztabaida, batzuetan oso teknikoa eta konplexua dela dirudien arren, "oso erraza" dela nabarmendu du: "Eztabaida da diru publikoa non eta zertarako inbertitu nahi duzun, hori da eztabaida. Horrekin lotua dago dirua nondik ateratzen duzun, eta horrek konektatzen du aurrekontuen eztabaida politika fiskalarekin, baina eztabaida horixe da".
EH Bilduren koordinatzaile nagusiak berretsi du bi indarrek "borondate osoa" dutela "tramite parlamentarioa azken bururaino eramateko eta aurrekontuak onartzeko". "Ez daukagu inongo interesik aurrekontu hauek blokeatzeko. Baina hori ez dago gure esku, bakarrik", ohartarazi du. Ildo horretan, pilota koalizio gobernuaren teilatuan dagoela azpimarratu du, eta "hitzetatik harago ekintzetan" frogatzeko deia egin dio.
Bi akordio politiko lortzea helburu
Bestalde, Mertxe Aizpurua diputatuak azaldu duenez, koalizioa "bi akordio politiko" lortzeko lanean ari da, bata neurri sozialei dagokiena, eta bestea, lurraldetasunaren ingurukoa, eta Otegik esan duen bezala, horiek lortzeko "borondate osoa" du EH Bilduk.
Espainiako Gobernuak duen jarrera bestelakoa dela kritikatu du Aizpuruak: "Ez ditu etxeko lanak egin, ez du espero dugun neurria eman". Horren aurrean, ohartarazi duenez, "Espainiako Gobernuak gure botoak irabazi beharko ditu", ez baitute "txeke zuririk" emango.
EH Bilduk eta ERCk egindako proposamenak "zentzudunak eta egingarriak" direla defendatuta, dei egin dio Espainiako koalizio gobernuari "ahaleginak biderkatu" ditzala akordioa lortzeko.