Ekonomia -
Langabezia
1.623 lagunek aurkitu dute lana urrian Hego Euskal Herrian
EAEn, % 0,89 jaitsi da langabezia irailetik, eta Nafarroan, % 1,71. 2020ko urriko datuekin alderatuta, 26.000 pertsona gutxiago daude langabezian.
O. P. | EITB Media
Espainiako Enpleguaren Zerbitzu Publikoko (SEPE) langabezia zerrendetan 1.623 lagun gutxiago daude izena emanda Euskal Autonomia Erkidegoan, iraileko datuekin alderatuta. Hala ere, guztira 150.557 pertsona daude lanik gabe, iazko urrian baino 26.822 gutxiago.
Euskal Autonomia Erkidegoan irailean baino 1.063 langabe gutxiago zenbatu dituzte urrian, hau da, % 0,89 gutxiago. Hala ere, 118.429 pertsona daude lanik gabe EAEn, Espainiako Lan Ministerioak gaur argitaratutako datuen arabera.
2020ko urriko datuekin alderatuta, EAEn 20.042 langabe gutxiago daude, hau da, iaz baino % 14,47 gutxiago. Irailetik urrira kangabezia gehiago jaitsi da emakumeen artean (-779) gizonen artean baino (-284), nahiz eta iaztik langabeziaren jaitsiera handiagoa izan den gizonen artean (-11.246) emakumeen artean baino (-8.796).
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, langabeziak % 0,88 egin du behera Araban, irailean baino 178 langabe gutxiago baitaude; beraz, 19.957 pertsona daude lanik gabe. Gipuzkoan, % 1,62 egin du behera langabeziak, 510 langabe gutxiago baitaude; ondorioz, 30.917 pertsona daude lanik gabe. Bizkaian, % 0,55 egin du behera langabeziak, 375 langabe gutxiago zenabuta; guztira, 67.555 langabe daude.
Nafarroan, 560 pertsona gutxiago izan dituzte urrian langabeziaren zerrendetan, irailean baino % 1,71 gehiago, eta guztira 32.128 langabe zenbatu dituzte.
2020ko urriko datuekin alderatuta, Nafarroan jaitsi da gehien langabezia, % 17,48 (6.780 gutxiago), Araban % 17,22ko jaitsiera erlatiboa izan da (4.152 gutxiago), Gipuzkoan % 15,90ekoa (5.844 gutxiago) eta Bizkaian % 12,95ekoa (10.046 gutxiago).
Datuak adinaren eta sektorearen arabera
Datuak adinaren arabera bereizita, behera egin du langabeziak EAEn adin tarte guztietan 54 urtetik gorakoen artean izan ezik (% 0,3 igo da). Urte arteko saldoan, gazteen arteko langabeziak behera egin duela ikusten da: 24 urtetik beherakoen artean, % 25,14 jaitsi da, eta 25 eta 34 urte bitartekoen artean, % 23,38.
Nafarroan, jaitsiera adin-tarte guztietan gertatu da: -% 2 25 urtetik beherakoen artean, -% 3,2 35 eta 44 urte bitartekoen artean eta -% 0,1 54 urtetik gorakoen artean.
Urrian, 1.190 langabe gehiago izan dira 2020ko otsailean, osasun krisia hasi aurreko hilabetean, baino. 2020ko abuztuan jo zen goia, 146.450 langabeturekin, urte horretako otsailean baino 29.211 gehiago, eta ordutik jaisten joan da kopuru hori (28.021 gutxiago); hau da, krisiak EAEn suntsitutako enpleguaren % 96 berreskuratu da.
Foru Erkidegoan, 2020ko otsailetik, 1847 lagun gutxiago dauden lanik gabe, % 5,4 gutxiago beraz.
Sektoreka, joan den hilean langabeziak behera egin zuen jarduera-sektore guztietan, nekazaritzan izan ezik, sektore horretan 303 lagun gehiago zenbatu baitzituzten EAEn lanik gabe. Urrian, Zerbitzuen sektoreko langabezia izan da gehien jaitsi dena (877 langabe gutxiago), eta, ondoren, Industria (184 gutxiago), Aurretik lanik egin gabekoak (171 gutxiago) eta Eraikuntza (134 gutxiago) alorretakoak izan dira.
Zerbitzuen sektorekoak dira EAEko langabe gehienak, lanik gabe dauden 118.429 pertsonetatik 79.610 baitira sektore horretan lanik gabe daudenak, baina, hala ere, irailean baino 877 langabe gutxiago dira; aurretik lanik egin ez duten 15.088 pertsona daude lan bila, eta 7.729 pertsona daude langabezian Eraikuntza sektorean.
Nafarroan, langabeziaren jaitsiera handiena hezkuntzan (112 langabe gutxiago) eta merkataritzan (111 gutxiago) izan da, eta, atzetik, ostalaritzan (81 gutxiago) eta ostaturik gabeko gizarte-zerbitzuetan (78 gutxiago). Bestalde, langabeziak gora egin du osasun jardueretan (149 gehiago), lehen sektorean (140 gehiago) eta elikaduraren industrian (31 gehiago).
Datuen irakurketa positiboa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak esan duenez, "oso positiboa" da urrian langabeziaren zerrendan aurreko hilabetean baino 1.063 pertsona gutxiago agertu izana, "ez bakarrik lan bila zebiltzan eta aurkitu duten pertsona horiengatik, baizik eta iazko irailetik nabaritzen ari garen murrizketa-joera etengabe eta sendoa sendotzen duelako".
Hala ere, Mendiak badaki beste sektore batzuk (Ostalaritza, esaterako) urrun daudela krisiaren aurreko egoerara bueltatzetik. Bestalde, Industria pandemiaren aurreko langabezia-tasetan dago jada, eta hilabete honetan ez dute sektorean eraginik izan horniduretan edo merkatu elektrikoan izandako arazoek.
Mendiak adierazi duenez, "koronabirusaren krisiak suntsitutako enpleguaren % 96 berreskuratu da dagoeneko", eta, beraz, bigarren lehendakariorde eta sailburuak konfiantzazko mezua helarazi du, baina zuhurtzia ere eskatu du, "sektore batzuei kostatzen ari zaielako normaltasuna berreskuratzea, bai kontratazio berri askoren hauskortasunagatik, bai jarduera ekonomikoaren inguruko ziurgabetasun berriak daudelako".
LAB sindikatuak adierazi duenez, langabe kopurua jaitsi bada ere gazteen enplegua dela errekuperatzen ari dena, "sektore kalteberenen enplegua, prekarioa, behin-behineko". Ohartarazi duenez, "urrian egin diren kontratu guztietatik % 92 aldi baterako kontratuak izan dira". Hori dela eta, Euskal Herrian "kalitatezko enplegu berria sortzeko behar dugun baliabiderik ez" izatea deitoratu du.
Ildo beretik mintzatu da UGT-Euskadi sindikatua ere. Hark deitoratu duenez, enplegua suspertzen ari bada ere, urrian egindako kontratuen % 40 hilabete baino gutxiagoko kontratuak dira. "Negoziazio kolektiboan indarrak orekatzeko unea da, enplegu egonkorra eta eskubideduna berreskuratzeko", adierazi dute.