Ekonomia -
lan erreforma
"Lan erreforma baliogabetzeko" akordioa lortu dute Espainiako Gobernuko kideek
Ohar bateratu batean, Sanchez presidenteak, bi presidenteordeek eta hainbat ministrok euren "konpromisoa" agertu dute 2012ko lan erreforma "indargabetzeko koalizio gobernuaren itunean jasota zegoen bezala".
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Askatu dute korapiloa, zegoenetako bat behintzat: Espainiako Gobernuko bi bazkideek, PSOEk eta Unidas Podemosek, itxi dute lan erreforma baliogabetzeko ituna. Pedro Sanchez gobernuburuak Nadia Calviño eta Yolanda Diaz presidenteordeak eta hainbat ministro bilera batera deitu ditu akordioa adosteko asmoz, eta azken egunetako ika-mikak gainditzeko helburuarekin.
Bileraren ondotik, ohar bateratua kaleratu du Moncloak, eta argi eta garbi utzi du Exekutiboaren jarrera: "Espainiako Gobernua konprometituta dago 2012ko lan erreforma indargabetzeko koalizio gobernuaren akordioak zein Europako Batzordera bidalitako Errekuperazio planak zehaztutako moduan".
Batzarra "giro positiboan eta jarrera eraikitzailearekin" egin dutela azpimarratu du Espainiako Gobernuak. Horren ustez, "behin-behinekotasuna eta prekarietatea dira, langabeziarekin batera, Espainiako lan merkatuak dituen irregulartasun nagusiak eta atzean utzi nahi ditugu. Horretarako ezinbestekoak dira negoziazio kolektiboan tresna egokiak izatea eta, era berean, azpikontrataziorako baldintza argiak zehaztea".
Oinarri horiekin, beraz, "eta elkarrizketa sozialaren bidez, alde guztiekin adostutako akordio bidezko eta orekatu" bat bilatuko du Sanchezen Gobernuak. Halaber, azpimarratu du bere helburua dela "elkarrizketa sozialaren bidez, XXI. menderako lan harremanen eredu berri bat osatzea, Europako funtsei esker modernizatuko den ekonomian lagungarri izan dadin".
Negoziazioak elkarrizketa sozialerako mahaian izango du segida
Behin Espainiako Gobernuaren baitako mataza askatuta, negoziazioak bihar jarraituko du. Asteazkenero bezala, lan erreformarako elkarrizketa mahaia bilduko da, formatu berriarekin bildu ere. Hain zuzen ere, orain arte Enplegu Ministerioak bakarrik ordezkatzen zuen Espainiako Gobernua mahai horretan. PSOEk akordioa erdietsi zuen Unidas Podemosekin Ogasuneko, Gizarte Segurantzako eta Hezkuntzako ministroak ere mahai horretan izan zitezen.
Lehen balorazio batean, Unai Sordo CCOOren idazkari nagusiak aintzat hartu du lortutako akordioa eta uste du negoziazioei "fidagarritasuna" ematen diela, "utzi ziren lekuan berrabiaratzeko aukera emanez".
Sindikatuaren zuzendaritza berria aurkezteko prentsaurrekoan Sordok adierazi duenez, "esaten dutena egiten badute sindikatu honek esandakoarekin bat etor liteke". Dena dela, Sordoren aburuz, bihar izango da "egiaren ordua" (elkarrizketarako mahaiaren bilerari erreferentzia eginda).
CEOE patronala akordiora bilduko ote den galdetuta, Sordok uste du patronal "estutu" eta akordioaren "partaide" izaten saiatuko dela.
EH Bildu: "Emandako hitza betetzeko da"
Lan-erreforma indargabetzeko akordioa 2020ko maiatzean egin zuten PSOEk, Unidas Podemosek eta EH Bilduk. Alabaina, harrezkero ez dute urratsik eman bide horretan eta azken asteetan Alderdi Sozialistak bere diskurtsoa aldatu du, atzera egin nahi zuela eta lan-erreforman azaleko moldaketak soilik egingo zituztela iradokiz.
Pedro Sanchezek berak duela gutxi egindako adierazpenekin hipotesi horrek indarra hartu zuen; izan ere, lan-erreforma "modernizatu" egingo dutela adierazi zuen, "indargabetu" hitza aipatu gabe.
Testuinguru honetan, Mertxe Aizpurua EH Bilduren bozeramaileak azpimarratu du "akordioak bete" egin behar direla.
"Emandako hitza betetzeko ordua da, patronalaren beto ahalegina gaindituz, lan erreformaren indargabetzea egia bihurtzeko", idatzi du sare sozialetan zabaldutako mezu batean.