Ekonomia -
CCOO-REN KONGRESUA
Lan erreforma bertan behera uzteko konpromisoa berretsi du Diazek, "oztopoak oztopo"
CCOO sindikatua Madrilen egiten ari den Kongresu Federalean hitz egin du Espainiako Gobernuko Lan ministroak.
EITB MEDIA
Parez pare "oztopo eta zailtasun" asko dituztela aitortuta, Alderdi Popularrak 2012an onartutako lan erreforma bertan behera uzteko konpromisoa berretsi du Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko Lan ministroak eta bigarren presidenteordeak.
CCOO sindikatua, gaur Madrilen, egiten ari den Kongresu Federalean hitz egin du Diazek, eta bertan esan du "lan merkatua modernizatzea" dela bere helburuetako bat.
"Eskuinak lan munduan ezarritako prekarietatea eta bidegabekeria behin betiko" atzean uzteko lanean ari direla adierazi du ministroak, CCOOko jarraitzaileen aurrean. Ildo horretan, sindikatuari eskerrak eman dizkio lan-baldintza duinen alde mahai gainean jarritako "proposamenengatik eta egindako lanagatik". "Elkarlanean" lanean jarraitzearen alde agertu da, eta elkarrizketa mahaiaren balioa nabarmendu du.
"Gure herrialdean azken 40 urteotan inork egin ez duena egitera goaz. Lan erreforma bertan behera uztea bakarrik ez da gure asmoa, urrutirago joango gara, eta lan hori herri hau egunero eraikitzen dutenekin elkarlanean egingo dugu", esan du.
Ika-mika piztu da asteon Elkarrekin Podemos eta PSOE gobernukideen artean, lan erreformaren harira Nadia Calviño Ekonomia ministroak egindako adierazpenekin. Alderdi Moreak "onartezintzat" jo du Calviñok Diazen ardurak bere egitea, eta egoera argitzeko, berehalako bilera bat eskatu zuen.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Calviñoren jarduna defendatu zuen, lan erreformaren negoziazioan muturrik ez duela sartu argudiatuta. Gai honen inguruko negoziazioa PSOE-Elkarrekin Podemos Exekutiba osoari dagokiola azpimarratu zuen.
Gaurko Kongresuan Unai Sordo barakaldarra berriro hautatu dute sindikatuko idazkari nagusi kargurako.