Ekonomia -
ITP Aero
ITP Aero 1.700 milioi eurogatik saltzeko akordioa izenpetu dute Rolls-Roycek eta Bain taldeak
Proiektura bazkide industrial gehiago batzeko atea zabalik utzi du AEBko funtsak.
Agentziak | Eitb Media
Bada akordioa. ITP Aero 1.700 milioi eurogatik saltzea adostu dute Rolls-Roycek eta Bain Capital buru duen enpresa-partzuergoak, konpainiak ohar batean jakinarazi duenez.
Partzuergo hori beste bi enpresek osatzen dute: Andoaingo SAPA enpresa, batetik, bazkide industriala izango dena. SAPA Aperribai familiarena da, eta defentsa arloan dihardu. Horrek erraztu egingo du operazioa, Espainiako Gobernuak oniritzia eman behar diolako, hain zuzen ere, ITP defentsan ere aritzen delako. JB Capital Market funtsa du bazkide, Botin familiarena. Oraindik ez dute zehaztu enpresa bakoitzaren parte hartzea zenbatekoa izango den.
Dena dela, proiektura bazkide industrial gehiago batzeko atea zabalik utzi du funtsak; 2022eko ekainaren amaierara arteko epea ezarri du eta bazkide horiek, gehienez ere kapitalaren % 30 ordezkatuko dute.
Gaur zuten azken eguna bi aldeek akordioa ixteko, eta eguerdian etorri da baieztapena. Orain arte bezala, Carlos Alzola ITP Aeroren zuzendari nagusiak zuzenduko du enpresa. Aurrerantzean, AEBko funtsaren esku egongo den enpresaren egoitza Zamudion (Bizkaia) mantenduko da eta Euskadin edukiko du egoitza soziala eta zerga egoitza.
Multinazional britainiarrak adierazi duenez, akordioa Rolls-Royceren desinbertsio programaren "funtsezko elementua" da, "bere emaitzen kontua hobetzen laguntzeko eta epe ertainera inbertsio mailaren kreditu kalifikazioa berreskuratzeko duen asmoa babesteko".
Era berean, Bain Capitalek ITP Aero enpresaren industria plana bultzatzen lagunduko duela azaldu du, "bere jarraipena bermatzeko eta langile kopurua mantentzea bermatzeko, eta konpainiaren negozioaren hedapena sustatuko du, Rolls-Roycerentzat epe luzerako funtsezko hornitzaile estrategikoa izaten jarraituko baitu".
Eusko Jaurlaritzaren balizko partehartzea
Oraindik argitzeke dago Eusko Jaurlaritzak bazkidetzan zatirik izango duen ala ez. 60 miloi euro jar lezake proiektuan, baina Urkulluren gobernuak ere baldintzak ipini ditu. Horietako gehienak hitzarmenean agertzen dira, erabakiguneari eta enpleguari eta industria egitasmoari dagozkienak; ez, ordea, azkena: administrazio kontseiluan kide bat izatea eta adostutakoari jarraipena egiteko kontrolak.
Arantxa Tapia Ekonomi Garapenerako sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko du ITPren Administrazio Kontseiluan sartzeko eta industria bazkide bat aurkitzeko, Euskadikoa zein atzerrikoa izan.
Jaurlaritzak ekainean agertu zuen ITPn parte hartzeko asmoa. Iñigo Urkullu lehendakariak atzo esan zuenez, ez zitzaion gustatzen Rolls-Roycek ITP Aero saltzeko operazioan hartutako "norabidea". Jaurlaritzak enpresaren kapitalean "diru asko jarrita" sartzeko dituen baldintza "argiak" gogorarazi zituen Urkulluk, hala nola industria aeronautikoan estrategikotzat jotzea eta erabakigunea nahiz egoitza fiskal eta soziala Euskadin mantentzea.
Urkulluk beste baldintza batzuk ere aipatu zituen, hala nola finantza-muskulua duen industria-proiektu sendo bat definitzea, inbertsioari, Ikerketa eta Garapenari eta enpleguen aldeko apustuari eutsiko diona. Gainera, adostutako baldintzak betetzeko kontrol-neurriak beharko liratekeela esan zuen, eta Jaurlaritzak ordezkari bat izan beharko lukeela administrazio kontseiluan.
Rolls-Roycek 2016ko uztailean erosi zion Sener taldeari ITPn zuen % 53,1eko partaidetza, 720 milioi euroren truke, eta horrela, konpainiaren % 100a bereganatu zuen. Hala ere, 2020ko abuztuan, multinazional britainiarrak negozio ezberdinen salmenta aztertzen ari zela jakinarazi zuen, ITP Aero barne.
Espainiako Gobernuaren babes eta konfiantza
Espainiako Gobernuko Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak ohar baten bidez adierazi duenez, operazio horrek "ziurtasuna eta egonkortasuna, eta enpleguan eta inbertsioan oinarritutako hazkundea" ekarriko dizkio ITP Aerori, "bi urteko zalantzazko epealdiaren ostean".
Oharraren arabera, Espainiako Gobernuak prozesuan parte hartu du eta "interes nazionalen bermatzaile gisa parte hartzen jarraituko du, ITP teknologia, defentsa eta segurtasun nazionaleko enpresa estrategikoa delako".
Rolls Roycek Bain Capital Private Equity buru duen partzuergoari egindako salmenta-erosketako eragiketarekin, ministerioaren arabera, "ITP Aerok Espainiarentzat duen garrantzi estrategikoari eusten dio, eta hasierako abiapuntuko egoera indartuko du, interes nazionalen babesean, erosleak bere gain hartutako eta gaur iragarritako konpromisoei esker, batez ere lanpostuak eta enpresaren egoitza fiskal eta operatiboa Euskal Herrian mantentzea bermatzeari dagokionez".
Azkenik, interes nazionalak bermatze aldera eta indarrean dagoen legeriaren arabera, eragiketa honek "hemendik aurrera Defentsa Ministerioaren eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioko Kanpo Inbertsioen Batzordearen (JINVEX) onarpen-izapideak hasi beharko" dituela zehatzu dute.