Ekonomia -

Lan gatazka

Tubacexeko zuzendaritzak errekurtso judizialari uko egingo dio batzordeak akordio bat sinatzen badu

Atzo, asteartean, akordiorik gabe amaitu zen TTI eta Aceralava lantegietan ezarri nahi duten aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearen negoziazio epea. Baina, gaur, enpresak proposamen berri bat egin du.

Greba mugagabeak 210 egun egin ditu gaur. Argazkia: EFE.
Greba mugagabeak 210 egun egin ditu gaur. Argazkia: EFE.
Tubacex errekurtsoa kentzeko prest dago, langileek doikuntzak onartzen badituzte

1:41

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tubacexeko zuzendaritzak gaur adierazi duenez, enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) baliogabetzat jo zuen epaiaren aurkako helegitea aurkezteari uko egiteko prest dago. Horretarako, baina, zehaztu du Laudio eta Amurrioko lantegien etorkizuneko bideragarritasuna bermatuko duen irtenbide bat "negoziatu, hitzartu eta sinatzea" onartu beharko lukeela langile-batzordeak.

Atzo, asteartean, akordiorik gabe amaitu zen TTI eta Aceralava lantegietan ezarri nahi duten aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearen (ABEEE) negoziazio epea. Arabako lantegi bi horietan 800 beharginek egiten dute lan, eta gaur, asteazkenean, greba mugagabeak 210 egun egin ditu.

Egoera hori ikusita, TTIko (Tubacex Tubos Inoxidables) eta Aceralavako zuzendaritzak agiri batean azaldu duenez, enpresak hainbat irtenbide proposatu ditu, eta deitoratu du "urtebete baino gehiagoan langile-batzordeak" ez dituela zuzendaritzak planteatutako irtenbideak negoziatu nahi izan.

Besteak beste, lan baldintzetan "doikuntzak" egiteko proposamena egin duela gogorarazi du, kaleratzeak saiheste aldera. Halaber, borondatezko bajak eta erretiroak areagotzea mahaigaineratu zuela azpimarratu du zuzendaritzak.

ABEEE berriak lanaldiaren % 70era arteko murrizketa eragingo luke langile guztiengan, enpresak berak erabakitako baldintzetan. Ildo horretatik, zuzendaritzak gogoratu du astearteko bileran proposatu zuela langileek oporren % 100 sortzea, eta ez % 70.

Hala ere, proposamen horrek ez zuen asebete langile-batzordea. Izan ere, horrek eskatu du enplegua 2024ra arte bermatzea eta errekurtso judizialari uko egitea. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak 129 lanpostu suntsitu zituen enplegu-erregulazioko espedientea baliogabetu zuen.

Astearte honetako bileraren ostean kaleratutako agiri batean, batzordeak gatazkari irtenbidea bilatzen jarraitzeko asmoa duela azaldu du, "greban egotea ez delako gustukoa". Hori dela eta, "langileen etorkizuna bermatuko duen akordioa" lortzen saiatuko dela nabarmendu du.

Enpresak, bere aldetik, langileen eskakizuna onartuko ez duela azpimarratu du, uste duelako errekurtsoa jartzea "oinarrizko eskubide legitimoa" dela. Hala ere, aitortu du aukera hori bazter dezakeela baldin eta batzordeak bi lantegien bideragarritasuna bermatuko duen irtenbide estruktural bat negoziatu, hitzartu eta sinatzen badu.  

Hori horrela izanda, enpresak zehaztu du duela urtebete baino gehiago proposatu zuen negoziazioa onartzea ekarriko lukeela horrek, eta azpimarratu du enpresaren eta sindikatuen arteko akordio hori errekurtsoa kendu aurretik egin beharko litzatekeela.

Bitartean, asteazken honetan, batzordea Tubacexek Bizkaiko Teknologia Parkean (Derion) dituen bulegoen aurrean bildu da berriro, bere aldarrikapenak defendatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Tubacex Enplegu-erregulazioko espedienteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak Burdingintza