Ekonomia -
Epaia
Villarejorekin lotuta Repsol, CaixaBank, Fain eta Brufauren aurka abiatutako auzia artxibatu du epaileak
Ikerketa fasean ez dela "inolako zantzurik topatu" nabarmendu du epaileak; ondorioz, ezinezkoa da presidenteei "gainbegiratze eta zaintza korporatiboko betebehar bat leporatzea, horretarako eskumena duten organoen esku baitago".
Agentziak | EITB Media
Villarejo komisario ohia kontratatzeagatik Repsol eta Caixabanken aurka abiatutako ikerketa artxibatu du Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak, baita Isidro Fain finantza erakundeko presidente ohiaren eta Antonio Brufau petrolio konpainiako presidentearen aurkako auzia ere.
Auzitegi Nazionaleko epaileak ostegun honetan sinatutako epai batean azaldu duenez, beharrezko izapideak egin ostean, ez dute Brufauk edo Fainek gertakarietan "zuzenean edo zeharka" parte hartu duten zantzurik aurkitu.
Uztailaren 8an, epaileak Repsol eta CaixaBank inputatu zituen Jose Villarejo komisario ohiari egindako enkarguen auzian, Luis del Rivero Sacyrreko presidente ohia ikertzeko helburuarekin; Brufau eta Fain apirilaren bigarren astean inputatu zituzten.
Alabaina, ikerketa fasean inolako "zantzurik topatu gabe", ezinezkoa da presidenteei "gainbegiratze eta zaintza korporatiboko betebehar bat leporatzea, horretarako eskumena duten organoen esku baitago". Epaileak nabarmendu duenez, bitarte honetan ez dute Fainek eta Brufauk "egitateetan zuzenean esku hartu zutela adierazten duen frogarik aurkitu".
Testuinguru horretan, epaileak uste du "ez dela ahaztu behar enpresa batek pairatzen duen egoera, pertsona juridikoari ez ezik, presidentearen irudiari ere egozten zaionean ardura, enpresa barruko eta kanpoko konpainiaren ordezkari nagusia baita".
Auzitegi Nazionaleko epailearen arabera, "prozesu penalek ez dute bidegabeko atzerapenik izan behar" eta "enpresaren ospean eragin dezaketen kalteak saihestu behar dira".
Hortaz, Repsol eta Caixabanken aurkako ikerketa artxibatu izanari dagokionez, epaileak uste du "ezin zaiola pertsona juridikoari erantzukizunik eskatu bere zuzendari edo langileren batek Zigor Kodean aurreikusitako delituren bat egiteagatik".