Ekonomia -
Pentsioen erreforma
Pentsioen erreformak "murrizketa larriak" ekarriko dituela salatu du ELAk
Gainera, Espainiako Gobernuak, patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek adostutako erreformak Gobernuari etorkizunean murrizketa berriak egiteko "txeke zuria" ematea dakarrela uste du sindikatuak.
Agentziak | EITB Media
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak adierazi du iraunkortasun faktorea ordezkatuko duen Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismo berria pentsioak murrizteko "txeke zuri" bat dela Gobernuarentzat. Izan ere, sindikatuak azaldu duenez, pentsioak kalkulatzeko sistema berriak ez du "indargabetuko" aurreko faktorea, baizik eta berriarekin ordezkatuko dela.
Gaur prentsaurrekoan agertu da Lakuntza, sindikatuko Mikel Nova eta Janire Landaluze kideekin batera. Horretan, pentsioen harira joan den asteartean Elkarrizketa Soziala delakoan adostutakoaren balorazioa egin dute.
Akordio horren arabera, pentsioak inflazioaren bilakaerari lotuko zaizkio berriro, legez. Horrek esan nahi du bizi-itxaropenari lotutako iraunkortasun faktorearen ordez doikuntza-mekanismo berri bat ezarriko dela 2027an, eta irailera arteko epea egongo dela mekanismo hori ezartzeko.
ELAren ustez, neurri "larriena eta arriskutsuena" aipatutako iraunkortasun faktorea ordezkatuko duen mekanismoa da. Gainera, ziurtatu duenez, azaroaren 15a baino lehen ez badago adostasunik Elkarrizketa Sozialean mekanismo horren edukia zehazteko, gobernuak "bidea libre" izango du pentsioen kalkuluan, erretiro-adinean edo pentsioen balio-handitzean murrizketak aplikatzeko.
Hori dela eta, sindikatuko idazkari nagusiak eskatu die Kongresuko diputatu guztiei proposatutako erreformaren aurka egiteko.
KPIren arabera pentsioen balio-handitzeari dagokionez, ELAk esan du 2018tik urtero aplikatzen ari zirela aurrekontuetan, eta azaldu du akordioak ezartzen duela "aldi baterako" neurria izango dela, 5 urteren buruan berrikusiko dena.
ELAk gogorarazi du akordio hori Elkarrizketa Sozial delakoaren emaitza izan dela, hau da, "gizarte-bakearekin, pentsioen murrizketak bideratzeko mekanismoaren bidez". Hori dela eta, "2011ko eta 2013ko erreformetan onartutako murrizketak atzera botatzea" eskatu eta gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea aldarrikatu du sindikatuak.