Ekonomia -
Laneko osasuna
Amiantoagatik hil zen langile baten familia indemnizatzera zigortu dituzte bi enpresa
Fundiciones Amboto eta Foseco Española konpainiek 130.000 euro inguruko kalte-ordaina ordaindu beharko dute. Behargina 24 urtez egon zen amiantoarekin lanean.
EITB MEDIA | AGENCIAS
Bilboko epaitegi batek bi enpresa zigortu ditu amiantoaren ondorioz hil zen langile baten heriotza egotzita. Fundiciones Amboto –egun ez dago martxan- eta Foseco Española konpainiek ia 130.000 euroko kalte-ordaina eman beharko diete biktimaren senideei.
Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak (Asviamie) ohar bidez jakinarazi duenez, epaimahaiak oso-osorik onartu du beharginaren familiak aurkeztutako demanda eta bi enpresek 129.645,96 euro ordaindu beharko dizkiete alargunari eta seme-alabei eragindako kalteagatik.
Ebazpenak frogatutzat ematen du bi konpainiek laneko osasunarekin eta segurtasunarekin lotutako araudia "hainbat urtez urratu" zutela.
Fundiciones Amboto enpresan urtebetez aritu zen lanean: 1969ko abuztutik 1970eko ekainera. Amiantoarekin kontaktu estua zuela eta bere segurtasuna bermatzeko paperezko musukoak soilik ematen zizkiotela deitoratu du elkarteak.
Foseco Española konpainian, berriz, 1970eko ekainean sartu zen eta 23 urte eman zituen bertan. Amiantodun zuntzekin beste produktu batzuk egitea zen bere eginkizuna eta horretarako amiantoz betetako zakuak eskuz manipulatzen zituen.
2015ean eraman zuten Galdakaoko ospitalera, arnasteko arazoak zituelako, eta asbestosi izeneko gaitza antzeman zioten. 2018an, Gizarte Segurantzak lanerako ezintasuna eman zion, asbestosia gaixotasuna profesionala dela argudiatuta. Hilabete batzuk geroago hil zen langilea.