Ekonomia -
Donostia
LABek salatu du irregulartasunak izan zirela Hondalearen esleipenetan
Ezker Anitza-IU Donostiak kontu-ikuskaritza bat eskatu du, proiektuaren kostua "neurriz kanpokoa" izan delako, "1,5 milioi eurotik 5 milioi eurora igota".
agentziak | eitb media
Donostiako Udaleko LABek Hondaleako esleipenekin lotutako ustezko irregulartasunen dokumentazioa jarri du Fiskaltzaren esku. Cristina Iglesiasek Santa Clara irlako itsasargiaren etxean egin duen eskultura da Hondalea.
Sindikatuak Twitterren jakinarazi duenez, "Gipuzkoako Fiskaltzara eraman ditugu Hondalea eskulturari buruzko hirigintza izapideetan egin diren irregulartasunak".
Eskultura bertan jartzeko lanei lotutako esleipenetan ustez izan diren irregulartasunei buruzko dokumentazioa omen da Fiskaltzaren esku utzi dutena, eta alkateari ere helarazi diote. Bihar emango omen du sindikatuak "informazio guztia".
Alkateak kazetarien galderei erantzutean esan du baduela sindikatuaren salaketaren berri, eta azpimarratu du "bete beharreko prozedurak" errespetatu dituztela, "bai lehiaketan bai esleipenean".
Gaineratu du ez zela idazkariaren ez Udaleko kontu-hartzailearen "kontrako txostenik" egon. Horregatik, ezarritako "bide legala" jarraitu dutela argitu du.
Argia aldizkariak argitaratu duenaren arabera, LABen txostenean aipatzen da LKS eta Fhecor enpresek "esleipenik gabe" hartu zutela euren gain itsasargiaren eraikinaren "errehabilitazioaren ardura", eta gero "Moyuak egindako % 23ko gainkostua" onartu zutela, "Donostiako proiektuen eta lanen departamentuko zuzendariaren oniritziarekin".
Bestalde, Ezker Anitza-IU Donostiako Asanbleak Hondaleako lanen kontu-ikuskaritza bat eskatu du, proiektuaren kostua "neurriz kanpokoa" izan delako, "1,5 milioi eurotik 5 milioi eurora igota". Gainera, "hasiera batean lan artistiko baten donazioa izan behar zena diru publikoaren xahuketa" bihurtu dela salatu du.