Ekonomia -
lan erreforma
Espainiako Gobernuak lan-erreforma indargabetuko duela baieztatu dio EH Bilduri
Duela urtebete EH Bilduk gobernuko alderdiekin sinatutako akordioa beteko da horrela; urtea amaitzerako indargabetuko luke Gobernuak PPk 2012an ezarritako lan-erreforma.
o.p. | eitb media
EH Bilduk PSOE eta Unidas Podemosekin PPk 2012an ezarritako lan-erreforma indargabetzeko sinatutako akordioa beteko duela hitz eman du gaur Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Lan ministroak Espainiako Parlementuan, hain justu akordio hori sinatu zela urtea bete bezperan.
EH Bilduko diputatu Oskar Matutek lan-erreformaren indargabetzearen inguruko xehetasun eta epeez galdetu dio, euren akordiotik urtebete pasa dela gogorarazita; Matutek adierazi dio, “elkarrizketa sozialeko mahaia baztertu gabe, lan-erreforma indargabetzeko unea” dela eta hura indargabetu gabe pasatzen den egun bakoitza “galdutako egun bat gehiago” dela estatu osoko langileentzat, “are gehiago aurrean dugun lan-etorkizuna ziurgabetasunez eta prekaritatez betea dagoela jakinda".
Yolanda Diazek garbi erantzun dio: "Matute jauna, lan-erreforma indargabetuko dugula aurreratzen dizut. Abenduaren amaierarako indargabetze-lanak amaituta ez badaude, nik neuk men egin eta azalpenak emango ditut ganbera honetan". Ez du epeen inguruko xehetasun gehiago eman nahi izan, baina argitu du mahai sozialak bi hilabete daramatzala lan isilean.
EH Bilduren bozeramaileak premiaz hartu beharreko neurri zehatzak proposatu dizkio Diazi, “hitzarmen kolektiboen ultraaktibitatea mugarik gabe luzatzea, lan-itunak estatalizatu beharrik ez izatea, enpresa-hitzarmenak sektore-hitzarmenen gainetik aplikatzeko lehentasuna indargabetzea, enplegu-erregulazioko espedienteetarako lan-baimena berreskuratzea eta lan-erreformaren aurreko kalteordainak berreskuratzea", esaterako. PCB-ITP eta Tubacexen kasuak gogora ekarri ditu Matutek, eta ohartarazi du "azken boladan, justifikaziorik gabeko lan-espedienteak etengabeak” izaten ari direla Euskal Herrian.
Diazek arrazoia eman dio Matuteri eta honek proposatutako neurriak bere egin ditu, praktikara eramateko konpromisoarekin. "PPk hautsi zuen oreka irauliko dugu negoziazioetan, egun dagoen desorekari aurre eginez. Kontratuen egonkortasuna bermatuko dugu", ziurtatu du Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteordeak.
Matutek, halaber, ezker subiranistaren babesa agertu dio Espainiako Gobernuari emakumeen eta gizonen arteko soldata-arrakalari amaiera emateko, gazteen prekarietateari aurre egiteko eta lana eta etxebizitza galtzeko beldurrarekin bukatzeko neurriak landu eta erabakiak hartzeko.