Ekonomia -

CEBEK

Enpresen errotzea mantentzeko eta zergak ez igotzeko deia egin du Garcinuñok

Iñaki Garcinuñok CEBEK Bizkaiko patronaleko buruzagitza utziko du asteazkenean egingo den batzarrean. Carolina Perez Toledo izango da presidente berria.

Iñaki Garcinuño CEBEK Bizkaiko patronaleko burua. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Iñaki Garcinuño CEBEK Bizkaiko patronaleko burua, EiTBn
Iñaki Garcinuño CEBEK Bizkaiko patronaleko burua. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Garcinuño CEBEK Bizkaiko patronaleko buruak enpresen errotzea bermatzeko eta horien egoitzak mantentzeko lan egitea defendatu du. Halaber, haren esanetan, ez da Sozietateen gaineko Zerga igotzeko garaia.

Gaur oraindik CEBEKeko buruzagi denak ekonomiaren pertzepzioari buruzko txostena aurkeztu du, kazetarien aurrean. Horren arabera, ekonomia ez da pandemia aurreko mailara itzuliko 2022ra edo 2023ra arte.

Iñaki Garcinuñok CEBEK Bizkaiko patronaleko buruzagi izateari utziko dio. Bihar egingo den batzarrean Carolina Perez Toledori emango dio lekukoa.

Bere agurreko agerraldian, sindikatuei eta erakundeei zuzendutako hiru mezu igorri ditu. Lehendabizikoa, sindikatuei bidali die: "Hitzartutako malgutasuna behar dugu". Halaber, hautetsontzietatik igaro ez den alderdi politiko gisa aritzea leporatu dio ELA sindikatuari.

Zenbat eta soinu gehiago egin gehiego lortzen denaren estrategia bat dagoela, baina esperientziak kontrakoa dioela azpimarratu du: "Zenbat eta gehiago negoziatu, gehiago lortzen da".

Gainerako bi mezuak erakundeei zuzendutakoak izan dira. Batetik, premiaz eztabaida bat abiatzea eskatu du enpresen errotzea nola bermatu eztabaidatzeko: "Finantza gaitasun guztiak jarri behar ditugu mahai gainean egoitzak eta errotzea mantentzeko".

Bestalde, zergak jaistearen aldekoa den alderdiak Madrilgo hauteskundeak irabazi izanak EAEn ere aldaketak egitea eskatzen duela uste du Garcinuñok. Gai horri lotuta Francisco Javier Azpiazu CEBEKeko idazkari nagusiak azaldu duenez, ez da enpresei zerga presioa handitzeko garaia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia CEBEK Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak