Ekonomia -
ERRENTA AITORENA
Errenta-eredu berriak eragindako 'buruhausteengatik' barkamena eskatu du Rementeriak
Bizkaiko ahaldun nagusiaren hitzetan, gertatutakoak "prozesuak hobetzen eta pertsonen bizitza errazteko azken helburua betetzen" lagunduko du.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak barkamena eskatu die errenta-kanpainaren eredu berriak "buruhausteak" eragin dizkien herritarrei. "Erraza izango zela esan genuen, baina ez da horrela izan bizkaitar guztientzat", aitortu du.
Duela egun batzuk, errenta-aitorpenetan kalkulu-akatsak egon direla onartu eta barkamena eskatu zien herritarrei Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak.
Orain, Bizkaiako ahaldun nagusiak ere, bide berean, barkamena eskatu die herritarrei ostegun honetan, inbertsio berrien inguruan egindako prentsaurrekoan: "Sistema berriarekin buruhausteren bat eman diegun herritar guztiei barkamena eskatu nahi diet", adierazi du.
"Ez zen hori gure asmoa. Guztiz kontrakoa. Gure asmoa tramitea errazagoa egitea da, bizitza pixka bat errazagoa egitea", azpimarratu du.
Bizkaiko ahaldun nagusiak onartu duenez, "argi dago badugula zer hobetu". "Eta horretan gaude etengabe", ziurtatu du. Hala ere, "hobetzeak eta berritzeak batzuetan arrisku horiek" ekartzen dituela esan du, eta gertatutakoak "prozesuak hobetzen eta pertsonen bizitza errazteko azken helburua betetzen" lagunduko duela uste du.
Aurrez aurreko arreta areagotzeko eskaerei dagokienez, Rementeriak azpimarratu du "aurrez aurreko arreta herritar guztientzat irekita" dagoela, baita "webgunea eta telefonoa ere".