Ekonomia -

ERRENTA

Milioi bat proposamen aurreratuta abiatu dute Errenta kanpaina Bizkaian

Zergadun guztiek gaurtik kontsultatu, aldatu eta onartu ahalko dute egin zaien likidazio proposamena; aurten erabat telematikoa izango da Errenta kanpaina.

Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregia. Argazkia: Gonzalo Elorza
Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregia.
Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregia. Argazkia: Gonzalo Elorza

O. P. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ia milioi bat zergadun bizkaitarrek gaurtik kontsultatu ahal izango dute Bizkaiko Aldundiak egin dien errenta-aitorpenaren proposamena. Hala hasi da ekainaren 30era arte iraungo duen 2020ko errentaren kanpaina. Aurten ia erabat telematikoa izango da kanpaina; izan ere, aurrez aurreko arreta bestela konpondu ezin daitezkeen kasuetan soilik eskainiko dute.

Datozen egunetan, zergadun guztiek etxean jasoko dute Ogasunak egindako likidazioaren proposamena. Halere, dagoeneko kontsultatu, aldatu edo onar dezakete egoitza elektronikoaren webgunea, Bizkaia Errenta mugikorretarako aplikazioa eta 94 608 3000 telefono-zenbakia erabiliz.

Itzultzera ateratzen den kasuetan, zergadunak onartzen duenetik 3 eta 7 egunen buruan jasoko du dirua bere kontu korrontean. Zergadunak ezer egiten ez badu, ekainaren 11n Ogasunak onartutzat joko du proposamena, eta hurrengo egunetan sartuko dio kontu-korrontean.

Emaitza Ogasunaren aldekoa den kasuetan, zergadunek ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dute aitorpena.

Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa

Bihartik, apirilaren 7tik, 133.000 arabarrek kontsultatu, aldatu edo onartu ahalko dute egin zaien proposamena Arabako Foru Aldundiaren webgunearen bitartez.

Gipuzkoan joan den astetik daude ikusgai proposamenak, eta datorren apirilaren 12tik aurrera onartu edo aldatu ahalko dituzte zergadunek.

Nafarroan ere, hilaren 12tik aurrera kontsultatu ahalko dira proposamenak telematikoki, eta aurrez aurreko arreta hilaren 19tik aurrera eskainiko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Errenta aitorpena Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zergak gaur Bizkaiko Foru Aldundia albisteak