Ekonomia -

EUROSTAT

Euroguneak % 8,3ko langabezia-tasarekin itxi du 2020a

Espaniar Estatuak langabeziaren bigarren igoerarik handiena izan du EBko herrialdeen artean, Eurostatek gaur argitaratu dituen datuen arabera.

2020ko Europako langabezia datuak. Artxiboko irudiak: EFE
2020ko Europako langabezia datuak.
2020ko Europako langabezia datuak. Artxiboko irudiak: EFE

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euroguneak % 8,3ko langabezia-tasarekin itxi zuen 2020a, azaroko datua ez baitzen abenduan aldatu, eta Europar Batasunean (EB) % 7,5ean egonkor jarraitu zuen urteko azken hilabetean aurrekoarekin alderatuta, Eurostat Europako Estatistika Bulegoak astelehen honetan jakitera eman duenez.

Urte arteko datuei erreparatuta, Espaniako Estatuak langabeziaren bigarren igoerarik handiena izan zuen EBko herrialdeen artean, Eurostatek gaur argitaratu dituen datuen arabera; izan ere, adierazlea 2,5 puntu hazi zen 2019ko abenduko datuekin alderatuta, Irlandan bezala.

Diru bakarra partekatzen duten 19 herrialdeetan, langabeziak 9 hamarren egin zuen gora 2019ko abenduan izandako % 7,4tik, eta 26 herrialdeetan, berriz, puntu bateko igoera izan zen epe horretan, % 6,5etik.

Datuak herrialdez herrialde aztertuta, urte arteko igoera handienak hauek izan ziren: Lituania (3,7 puntu gehiago, % 10,1eraino), Espainia (2,5 puntu, % 16,2raino) eta Irlanda (2,5 puntu, % 7,2raino), Letonian(1,7 puntu, % 8,2raino) eta Austria (1,5 puntu, % 5,8raino).

Hilabetez hilabete alderatuta, 2020ko azaroaren eta abenduaren artean Austrian izan zuen langabeziak gorakadarik handiena (3 hamarren gehiago, % 5,8raino). Espainian, adierazleak hamarren bat egin zuen gora, % 16,2raino.

25 urtetik beherakoen langabeziari dagokionez, hiru puntu egin zuen gora urtebetean, bai Euroguneko herrialdeetan (% 18,5eraino), bai Europako gainerako herrialdeetan ere (% 17,8raino). Hilean 4 hamarren egin zuen gora Eurogunean eta 3 hamarren Europar Batasunean.

Eurostatek azaldu duenez, astelehen honetan argitaratutako datuak Lanaren Nazioarteko Erakundearen irizpideetan oinarritzen dira. Horien arabera, langabe bat lanik gabeko pertsona bat da, azken lau asteetan lanen bat modu aktiboan bilatu duena eta hurrengo bi asteetan lanean has daitekeena.

Horren esanetan, koronabirusaren pandemiak eta horri aurre egiteko hartutako neurriek "langabezia-prestazioen eskaeren gorakada handia" eragin dute Europar Batasunean, Eurostaten arabera.

Aldi berean, langabezia-bulegoetan izena eman zuten pertsonen "zati handi bat" ez zen lana bilatzen ari modu aktiboan edo ezin zuten lan egin, adibidez, seme-alabak zaindu behar zituztelako.

Eurostaten arabera, egoera horren ondorioz, desadostasunak daude langabezia-bulegoetan erregistratutako langabeen kopuruaren eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen definizioaren arabera kalkulatutako langabeen kopuruaren artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EB Langabezia Espainian Zer ari da gertatzen Europan? Espainia Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa