Ekonomia -
Lehen aldiz Euskadin
Bizkaiak lehen autobide adimenduna izango du 2023an
Bizkaiko 57 km-ko tarte horretatik igarotzen diren ibilgailuek, datuak jasotzeko teknologia badute, gai ezberdini buruzko informazio zehatza eskurau ahal izango dute, denbora errealean.
eitb.eus
Azpiegiturak eta Lurralde Garapenerako Sailak eta Tecnaliak Euskadin lehen aldiz korridore kooperatibo bat ezartzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Imanol Pradales diputatuak eta Alex Belaustegui Tecnaliako presidenteak hitzarmenaren xehetasunak aurkeztu dituzte: 3,5 milioi euroko inbertsioa aurreikusten dute, eta 2023rako errepideak, ibilgailuak eta kontrol zentroak digitalki lotzea du helburu.
"Proiektua 2021eko lehen asteetan abiatuko da. 2023rako Ugaldebieta eta Ermua bitarteko 57 kilometroetan Euskadiko lehenengo autobide-tarte adimenduna edukiko dugu, esan du Imanol Pradalesek proiektuaren laborategi teknologiko modura erabiliko den autobide-tarteari buruz (AP8 eta A8).
57 kilometroko tarte hori lehenengo korridore kooperatiboa izango da. Proiektu honek bi helburu ditu. Batetik, Bizkaiko errepide-sareak errepideko trafikorako I+G proiektuak erakartzeko eta probatzeko erabiliko da. Bestetik, teknologia hori Aldundiak errepideak kudeatzeko erabiltzen duen sisteman txertatuko da, eta zerbitzu praktikoa emango die errepide-sarea darabilten herritarrei.
"Zementua eta teknologia errepidean seguruago eta modu jasangarriagoan ibiltzeko. Akordio honi esker jauzi kualitatiboa egingo dugu eta Bizkaiko errepideak etorkizunerako prestatzen hasiko gara. Geroz eta ibilgailu gehiagok datuak, informazioa, bidaltzeko eta jasotzeko teknologia dute. Etorkizunean ibilgailuek hartuko dituzte erabakiak, kontrol-zentroetatik heltzen zaien informazioaren arabera".
Sareko errepideetan sentsoreak jartzea eta aplikazio praktikoak
Proiektu honetan, hasieran komunikazio kooperatiborako 50 baliza (road side unit) ipiniko dira autobide-tarteko 57 kilometroetan; baliza horien bidez ibilgailuek eta kontrol-zentroek informazioa trukatu ahal izango dute. Probak egiteko, teknologia kooperatiboa ipiniko da ibilgailu batzuetan, eta horrez gainera 5 kamera adimendun eta 135 sentsore ere erabiliko dira.
2023an, korridore kooperatibotik dabiltzan ibilgailuek informazio zehatza jaso ahal izango dute hainbat inguruabarri buruz denbora errealean, datuak jasotzeko teknologia edukiz gero: eguraldia, istripuak, obrak, auto-pilaketak, oztopoak galtzadan, abiadura-muga, arriskuak, eta seinaleen monitorizazioa.
Pradalesek eta Belausteguik proiektu honek zenbait arlotan ekarriko dituen onurez hitz egin dute. Izan ere, gidarientzat oso tresna erabilgarria izateaz gainera, errepideko garraioa seguruagoa izango da, eta kontrol-zentroen kudeaketa eraginkorragoa, gorabeherak aldez aurretik aurreikusi eta denbora gehiagorekin hartu ahal izango baitituzte erabakiak.