Ekonomia -
Lan gatazka
ITP Aerok 133 behargin kaleratuko ditu Barakaldoko eta Sestaoko lantegietatik
Sindikatuek kaleratzeak errefusatu dituzte. Enpresak, bestalde, 505 langiletik 133 kaleratzeko asmoa duela iragarri du, bi lantegi horien jarduna bermatze aldera".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ITP Aero Castings taldearen zuzendaritzak enplegu erregulazioko espedientea aurkeztuko du Barakaldoko eta Sestaoko lantegietan. Sindikatuek eta enpresako iturriek jakitera eman dutenez, 500 beharginetatik 133 kaleratuko dituzte.
Hain zuzen ere astearte honetan ekin diete negoziazioei, arrazoi ekonomikoak eta ekoizpen arazoak tarteko, enpresak planteatu dituen kaleratzeak ardatz hartuta.
ITP Aerok azaldu duenez, bi lantegi horien jarduna ziurtatzea dute helburu kaleratzeek. Dena den, esan du lanpostuen galera arinduko duen eta etorkizuneko enplegua bermatuko duen neurri oro "negoziatzeko asmoa" duela.
Enpresako iturrien arabera, COVID-19aren pandemia hasi aurretik, industria aeronautikoak hazkundea aurreikusi zuen hurrengo urteetarako. Testuinguru horretan, enpresak inbertsio handiak egin zituen instalazioetan, baita jendea kontratatzerakoan ere.
"Alabaina", adierazi du atsekabez,"inoiz sektore honetan izan den krisirik handiena ekarri du pandemiak, alegia, krisi estruktural handi bat" ."Duela gutxi genituen aurreikuspenak ezin izan ditugu bete. Ekoizpena % 50 inguru jaitsi da, eta seguruenik enpresaren jardunak beherako joerari eutsiko dio datozen urteetan ere", gaineratu du.
ELAk, bestalde, planteatutako kaleratzeak errefusatu ditu. "133 pertsona lanik gabe geratuko dira, eta 115 kontratu ebentual gutxiago daude urte hasieratik", salatu du.