Ekonomia -

VOLKSWAGEN

Nafarroako Volkswagen enpresak Landabengo lantegia itxiko du 36 egunez, 2021ean

Aurreikuspenen arabera, 255.303 ibilgailu ekoitziko ditu datorren urtean, 2019an baino 65.000 gutxiago. Aldi baterako lan erregulazioko espedientea ekainaren 30era arte luzatuko dute.

Volkswagen multinazionalaren Landabengo lantegia. Artxiboko argazkia: EFE
Volkswagen multinazionalaren Landabengo lantegia
Volkswagen multinazionalaren Landabengo lantegia. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Volkswagen multinazionalak Nafarroan duen lantegia itxiko du 36 egunez 2021. urtean, ekoizpena eskarira egokitzeko. Izan ere, hurrengo urteko aurreikuspenen arabera, Landabengo lantegiak 255.303 ibilgailu ekoitziko ditu, 2019an baino 65.000 gutxiago. Gauzak horrela, zuzendaritzak eta enpresa batzordeak aldi baterako lan erregulazioko espedientea 2021eko ekainaren 30era arte luzatzea adostu dute.

UGT sindikatuak ohar batean jakinarazi duenez, itxieraren ondorioz zenbait ostiraletan ez dute lanik egingo, zenbait astetan bi txanda soilik arituko dira eta egun batzuetan, ostera, txanda bakarra.

Gainera, zuzendaritzak enpresa batzordeari jakinarazi dio gaur eta astelehenean ekoizpena gelditu egingo da eta, segur aski, baita abenduaren 4an ere, COVID-19a dela eta ekoizpenerako osagaiak falta direlako.

Bestalde, aldi baterako lan erregulazioko espedientea ekainaren 30era arte luzatzea proposatu du zuzendaritzak. Enpresa batzordearen gehiengoaren babesa behar da horretarako. Dena dela, itxura guztien arabera, UGT, CCOO, ELA eta CCP sindikatuek aldi baterako lan erregulazioko espedientea luzatzea sinatuko dute.

Ekoizpen jaitsiera egonda ere, Polo berriaren eta hirugarren ibilgailuaren (T-Cross) kaleratzea bermatuta daude. eta datorren urterako egutegia ez zehaztearen ondorio da, dagoen ziurgabetasuna dela eta.

Bileran, halaber, 2021erako beharren egutegiaren proposamena aurkeztu du zuzendaritzak, eranskin gisa. Hortik aurrera, UGTk adierazi duenez, aldeek behin betiko egutegia negoziatu eta adostu behar dute, eta hori datorren astean egitea aurreikusten dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia Iruñeko argazkiak Nafarroa ELA albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Volkswagen Sindikatuen albistea CCOO albisteak UGT azken ordukoa Automobilgintza