Ekonomia -
LAN-GAZTAKA
Osakidetzak eta sindikatuek negoziazioari ekingo diote berriro, 3 greba egunen ostean
Luis Javier Telleriak (EAJ) eman du iragarpenaren berri gaur, Elkarrekin Podemos-IUren ekimen baten eztabaidan. Ekimen horretan Osasun Sailak sindikatuekin lehenbailehen hitz egitea eskatu dute.
Osakidetzak datorren ostegunerako deitutako sektoreko mahaiaren inguruko negoziazioari ekingo dio berriro osasunaren arloko sindikatuekin, sindikatuek hiru lurraldeetan antolatu zituzten azken greba egunetatik bi aste igaro ondoren.
Bileraren iragarpena Luis Javier Telleria EAJko ordezkariak egin du ostegun honetan, Eusko Legebiltzarrean, Elkarrekin Podemos-IUren ekimen baten eztabaidan. Ekimen horretan, Osasun Sailak sindikatuekin hitz egin dezala eskatu du koalizioak, 2009tik indarrean dagoen hitzarmena berritzeko.
Jon Hernandezek (Elkarrekin Podemos-IU) osasun arloko sindikatuekin duen harremanaren inguruan "gezurra" esatea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari, azken mahai sektoriala ekainean egin zelako.
"Sindikatuek diote harresi batekin topo egiten dutela"
"Hiru greba egunen ostean, sindikatuen gaiak serio hartzea eta haiekin esertzea eskatu behar zaio Gobernuari. Sindikatuek harresi batekin topo egiten dutela esan digute ", azaldu du.
Luis Javier Telleriak ( EAJ) erantzun du esanez osasuneko Administrazioa negoziazio batera "behartzeko" unerik onena ez dela; izan ere, COVID-19aren aurkako borrokak du lehentasuna, eta horrek, Telleriaren aburuz, ez du "Euskadiko erakunde handienarekin negoziazio zabal bat egiteko behar den lasaitasuna mantentzen uzten".
Osasun arloko egungo krisiari egotzi dio Osakidetzako mahai sektoriala ekainetik bildu ez izana, eta hilaren 26an lanari berriro ekingo diola aurreratu du, "normaltasuna berriz ezartzeko asmoz, nahiz eta hori behin behinekoa izango den, egunero gauzak hankazgora jartzen dituen birus bat dagoelako". "Akordioei heltzeko eta negoziatzeko nahikoa elementu eta borondate daude, eta hori guztia grebaren aurretik bazekiten sindikatuek", azpimarratu du.
Ekain Rico sozialistak azpimarratu duenez, "mahai sektorial bat dago deituta". "Nire herrian negoziazioa deitzen zaio horri", azpimarratu du parlamentariak. Ricoren arabera, pena litzateke sindikatuak eta Jaurlaritza akordio batera iritsi, eta talde parlamentarioak "akordioetara iristeko gai ez izatea", eta hori "baliteke ikustea", gaineratu du.
"Eskua zabaldu eta aurrera egin"
Rebeka Uberak (EH Bildu) sindikatuekin negoziatu nahi ez izatea aurpegiratu dio Osasun Sailari, eta akordioak lortzeko "eskua zabaltzeko eta aurrera egiteko" prest dagoela azpimarratu du; izan ere, "defentsarako jarrera horiek alde batera utziz gero, Osakidetza irabazten aterako litzateke".
Laura Garridok (PP+Cs) langileen eskaerak kontuan hartzeko eskatu du, eta, oposizioko gainerako kideek bezala, legegintzaldi honetarako iragarritako 4.000 lanpostuak "gero eta eskaera handiagoari" erantzuteko nahikoak ez direla uste du.
Azkenik, Amaia Martinezek (Vox) esan du Osakidetzak "plan bat" behar duela, "eta ez sindikatuen mobilizazioek eragindako ekintzak".
Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk egindako zuzenketa bertan behera geratu da; besteak beste, Osakidetzako egiturazko langileen kopurua handitzea eta langileen lan-baldintzak berritzea eskatu dute. Eusko Jaurlaritza osatzen duten taldeek egindako zuzenketak, ordea, aurrera egin du, eta zentralekin negoziatzen jarraitzearen eta osasun sistema indartzeko aurrekontuek partidak izatearen alde egin du.