Ekonomia -

Enpresak

Gipuzkoako merkatariak, kezkatuta Amazonek Oiartzunen irekiko duen zentroagatik

Udalak "saltoki txikien alde" agertu bada ere, ziurtatu du ezin diola AEBko multinazionalari "baldintza zorrotzagorik" ezarri.

Landabarren poligonoa, Oiartzunen. Argazkia: EiTB
Gipuzkoako merkatariak kezkatuta, Amazonek Oiartzunen irekiko duen zentroagatik
Landabarren poligonoa, Oiartzunen. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amazon multinazionalak duela egun batzuk iragarri zuen Oiartzunen (Gipuzkoa) logistika zentro bat irekitzeko asmoa zuela, eta horrek ezinegona sortu du tokiko merkatari txikien artean, ez baitute begi onez ikusi konpainia estatubatuarraren erabakia.

Oiartzungo Udalak, bestalde, baieztatu egin du Amazonek zentro logistiko bat irekitzeko interesa duela, eta "saltoki txikien alde" agertu bada ere, ziurtatu du ezin diola AEBko multinazionalari "baldintza zorrotzagorik" ezarri.

Udalak ohar baten bidez azaldu du aste honetan jakin duela San Jose Lopez enpresa logistikoak inbertsio-funts bati saldu diola Lanbarren industrialdean zuen gunea.

Halaber, Udalak argitu du Amazonek gune hori erabiltzeko interesa erakutsi duela, eta zehaztu du logistika lanetarako baimendutako toki bat denez, lur-sailak asmo horrekin erosten dituen enpresari ezin diola "baldintza berezirik" ezarri.

Hala eta guztiz ere, beste edozein enpresak bezala, Amazonek ere "jarduna tramitatu beharko du", Oiartzungo proiektua aurrera eraman ahal izateko.

"Saltoki txikiei esker bizi dira auzoak eta herria. Beharrezkoak dira herriarentzat", esan du Udalak. Horregatik, "kontsumo basatirako joerari" iskin egitea eta merkataritza jasangarria eta lokala bultzatzea lehenetsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Multinazionalak Ekonomia Eguneko albisteak Oiartzun Albisteak Enpresaburuak Merkataritza Amazon