Ekonomia -

Miramon

Bayer da Viralgen donostiarraren jabe berria

COVID-19aren aurkako ikerketa estatubatuarrean parte hartzen duen enpresa donostiarrak "independentzia" izango du, eta beste 450 langile kontratatuko ditu datozen hiru urteetan.

Viralgenen lantegia, Donostian. Argazkia: Efe
Viralgenen lantegia, Donostian. Argazkia: Efe
Viralgenen lantegia, Donostian. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Garcia Cogorro Viralgenen kontseilari ordezkariak azpimarratu du Bayerrek "bultzada" emango diola terapia genikoa lantzen duen konpainia donostiarrari. Gainera, enpresa gipuzkoarrak "modu independentean lan egingo du, gure estrategiari eutsiko dion bazkide batekin, eta indartuta aterako gara", gaineratu du.

Garcia Cogorroren arabera, "oso albiste ona da Gipuzkoarentzat, Euskadirentzat eta Donostiarentzat, zeren, lehenengo aldiz, mundu mailako farmazia enpresa bat hona etorri da bertan geratzeko asmoz".

Viralgenen kontseilari ordezkariak prentsaurrekoa eman du Donostian Bayerrekin egin duen akordioa azaltzeko. Farmazia multinazional alemaniarrak enpresa donostiarraren ekoizpen plataforma erosi du.

Bayerrek AskBio bioteknologia enpresa estatubatuarra erosi du, hau da, Viralgen fundatu zuena eta enpresa donostiarraren erdiaren jabe zena. Bayerrek 4.000 milioi dolarrean erosi du AskBio.

Operazio berean, Bayerrek Viralgenen beste erdia erosi dio Columbus Venture Partners inbertsio kudeatzaileari.

Viralgenek "independentzia" izango du jarduteko eta nortasun korporatiboari eutsiko dio. "Viralgeneko lantaldeak terapia genikoak garatzeko eta ekoizteko duen kualifikazio altua eta esperientzia oso garrantzitsuak dira Bayerrentzat, ezagutza eta espezializazio hori zaila baita aurkitzea industria honetan", azpimarratu du.

Garcia Cogorrok azpimarratu du akordioan argi geratu dela "erakundeen independentzia oinarrizkoa" zela Askbiok eta Viralgenek "inolako eskuhartzerik gabe" lan egin zezaten, eta Bayerrek "erabat errespetatu" omen du hori.

Hori horrela, Viralgenek aurreikusi du beste hiru eraikin altxatuko eta 450 pertsona kontratatuko ditutela datozen hiru urteetan. Gaur egun 110 behargin ditu lantegiak.

COVID-19aren aurkako txertoa

Harvard eta Massachusetts General Brigham Hospital buru dituen eta COVID-19aren aurkako txertoa ikertzen ari den partzuergoan dago sartuta Viralgen, estatubatuarra ez den enpresa bakarra, eta Europarako eta beste eremu batzuetarako txertoa ekoizteaz arduratuko da.

2021ean martxan jarriko den beste lantegi batekin, Viralgen proba klinikoetan dagoen txerto hori industria mailan ekoizteko "erronkari erantzuteko" prestatzen ari da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Ameriketako Estatu Batuak bideoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresen albisteak Industria farmazeutikoa