Ekonomia -
2020rako
Defizit helburu berria adostu du Nafarroak Ministerioarekin, % 2,3tik % 2,6ra igota
Zifra berri horrek "murrizketarik eta partiden blokeorik gabe itxiko du ekitaldia", Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak nabarmendu duenez.
EITB.EUS
Nafarroako Gobernuak foru erkidegorako defizit helburu berria negoziatu eta adostu du Espainiako Gobernuko Ogasun Ministerioarekin, diru-sarreren jaitsieraren aurreikuspena kontuan hartuta. Hala, uztailean bi administrazioek adostutako % 2,3ko defizita izatetik % 2,6ra pasatuko da.
Zifra berria "aurrerapauso garrantzitsua" da "Foru Gobernuak 2020ko aurrekontuetan bete zuen % 0ko defizit-helburuaren hasierako aurreikuspenaren aurrean", esan du Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. Are gehiago, horri esker, Nafarroak "murrizketarik eta partiden blokeorik gabe itxiko du ekitaldia".
Nafarroako Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aurten diru-sarreren jaitsiera % 13'3koa izango dela aurreikusi du, 2020ko aurrekontuaren aldean. Diru-bilketaren azken datuen arabera, diru-sarreren jaitsiera 538'6 milioi eurokoa izango dela aurreikusi dute.
Maiatzean, eta data horretako datuekin, Nafarroako Gobernuak % 20'2ko beherakada izan zuen, 818 milioi euroraino iritsi arte. Harrezkero, zerga bilketak bilakaera hobea izan du hainbat aldagaitan, hala nola errenta kanpainaren bilakaera positiboan, lan-atxikipenetan, Balio Erantsiaren gaineko Zergan eta zerga berezietan. Horri esker, zerga bidezko sarreren beherakadaren aurreikuspena datu berri horretara iritsi da.
Hala ere, Nafarroako Gobernuak zuhurtziazko mezua igorri du, diru-bilketaren aurreikuspenak hobetu diren arren, COVID-19a maila guztietan eragiten ari den egoera berezia dela eta.