Ekonomia -
Hezkuntza
Hezkuntza Sailak bilerara deitu ditu sindikatuak, greba indargabetzeko ahaleginetan
Horren aurrean, hezkuntza sindikatuek begi onez ikusi dute Bildarratz sailburuaren keinua. Bilera-sorta bihar bertan abiatuko du Steilas sindikatuarekin.
EiTB.EUS
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak bilerara deitu ditu Steilas, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuak, datorren astearterako, irailaren 15erako, iragarri duten greba indargabetzeko ahaleginetan, Euskadi Irratiak aurreratu duenez. Sindikatuek egunotan salatu dute Hezkuntza Sailak prestatutako protokoloak "konkrezio falta" duela, eta agindutako 1.000 kontratazioak ez direla gauzatu. Gainera, batzarrak eskatu dituzte.
Horren aurrean, hezkuntza sindikatuek begi onez ikusi dute Bildarratzen keinua, haien esanetan, eskolako itzulera segurua izan dadin, bitartekoak behar dituztelako.
Bildarratzek Steilas sindikatuarekin abiatuko du bihartik aurrera egingo duen bilera-sorta. Hitzordua 09:00etarako egin dute. Aipatu sindikatuko ordezkariak pozik agertu dira kargua hartu eta berehala ordezkari sindikalekin biltzeko ahalegina egin duelako. Horrenbestez, hainbat bilera izango ditu datozen egunetan Bildarratzek, bata bestearen atzetik. Sindikatuekin abiatuta, hezkuntza eragile guztiekin batzartuko da aste honetan bertan.
Ildo horretan, Josu Erkoreka lehendakariordeak Euskadi Irratian esan du lanerako gogoz iritsi dela Hezkuntza sailburu berria, eta lehentasun gisa duela astearterako deitutako greba bertan behera geratzea. Esan bezala, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuen batzarrekin itxiko du goiza, Steilasekin hitzordua izan eta gero.
Sindikatuek, beren aldetik, argi dute Jaurlaritzak mahai gainean baliabide gehiago jarri ezean, deitutako mobilizazioei eutsiko dietela. Besteak beste, bihar arratsalderako EAEko hiru hiriburuetan elkarretaratzeak deitu dituzte.¡