Ekonomia -

Murrizketak

Arabako kirol kudeaketako langileek greba partziala hasiko dute gaur

Arabako kirol kudeaketako ehun bat langilek Gasteizko Udalak ezartzen dizkien baldintza "gero eta eskasagoak" salatu dituzte.

Gasteizko Mendizorrotzako igerilekuak. Argzkia: EiTB
Gasteizko Mendizorrotzako igerilekuak
Gasteizko Mendizorrotzako igerilekuak. Argzkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udako sorosleek, igerileku estalietako sorosleek eta Arabako begiraleek greba mugagabea hasiko dute astelehen honetatik aurrera, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, egunero, Gasteizko Udalak ezartzen dizkien baldintza "gero eta kaskarragoak" salatzeko.

Arabako kirol kudeaketako langileek salatu dutenez, koronabirusaren gaur egungo egoera dela eta, Gasteizko Udala murrizketak egitea proposatzen ari da, "osasun arlotik haratago doazenak".

"Duela bi aste, hauteskunde kanpainan, Udalarekin egindako bileraren ostean, ikusi da proposatutako murrizketek nabarmen gainditzen dutela orduan iragarritakoa eta plantilla osatzen duten ehun laguni eragiten dietela", azaldu dute.

Egoera horren aurrean, langileek "behartuta" daudela adierazi dute, "herritarren (eta, bereziki, adinekoen) osasuna, segurtasuna eta ongizatea babesteko, baina, batez ere, familien sostengua bermatzeko".

Hori dela eta, Arabako herritarrei "borroka" horretan parte hartzeko eskatu die. "Murrizketa horiek langileei ez ezik, ikastaroen eta kirol-instalazioen erabiltzaile guztiei ere eragiten diete. Herritarrek ezin dituzte krisiaren ondorioak berriro ordaindu, 2008an gertatu zen bezala", adierazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Kirolak Araba Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Lan gatazkak Koronabirusa Kiroldegiak