Ekonomia -

SINDIKATUAK

EBk lortutako akordioak ez duela egungo krisia konponduko diote ELAk eta LABek

Akordioak 750.000 milioi euroko zor komunarekin finantzatutako berreskuratze funtsa aurreikusten du (390.000 diru-laguntzetan eta 360.000 maileguetan).

Ursula von der Leyen, Europako Batzordeko presidentea. Irudia: EFE
Ursula von der Leyen, Europako Batzordeko presidentea
Ursula von der Leyen, Europako Batzordeko presidentea. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELAren arabera, COVID-19aren pandemiaren ostean Europar Batasunak susperraldirako lortutako akordioak "Europako Batzordearen proposamena okertzen du" eta "krisiari irtenbide soziala bermatzetik urrun dago".

Sindikatuak ohar baten bidez salatu duenez, Europar Batasunaren akordioak 750.000 milioi euroko (390.000 euro diru-laguntzetan eta 360.000 maileguetan) zor komunarekin finantzatutako berreskuratze funtsa jasotzen du, eta horrek "Europako Batzordearen proposamena okertzen du, hasieratik ez baitzien erantzunik ematen krisi ekonomiko, sanitario eta sozialaren ondoren dauden beharrei".

ELAren arabera, 750.000 milioi eurok osatuko dute funtsa, "hasierako proposamenaren kopuru bera", baina "diru laguntzen/maileguen proportzioa aldatu egin da, itzuli beharrik gabeko transferentzien kaltetan". "Lehen 500.000 milioi euroko diru-laguntzak ziren, baina 390.000 milioi eurora murriztu da, eta horrek handitu egingo du laguntzak jasotzen dituzten herrialdeen zorra; izan ere, hasierako plana onartuz gero itzuli beharko ez liratekeen zenbatekoak itzuli beharko dituzte", ohartarazi du.

Baldintzei dagokienez, Europako erakundeek eta Batasuneko gobernuek "baliabide ekonomikoak jasotzea (transferentzien edo maileguen bidez) doikuntza politikak aplikatzera eta egiturazko erreformak deiturikoak egitera" baldintzatzen dutela adierazi du.

Hala, funts horiek eskuratzen dituzten estatuek "erreforma plan nazionalak egin beharko dituzte, Europako Batzordearen baimenarekin pasatzen direnak, Ekonomia eta Finantza Batzordeak aztertu ondoren", azaldu du. "Komite horretako kide batek edo gehiagok eragozpenak planteatuko balitu, espedientea Kontseilu Europarrera igor liteke. Kontseiluak planen aurkako iritzia emango balu, beto politiko baten parekoa izan liteke", nabarmendu du.

ELAk zehaztu duenez, "edozein estatuk salatu ahal izango du beste bat ez dela beharrezko erreformak betetzen ari, eta horrek esan nahi du estatu guztiek trabak jarri ahal izango dizkiotela laguntzak banatzeari".

Bestalde, LAB sindikatuak adierazi duenez, Europako Batzordeak lortutako akordioak "pobretu eta prekarizatu egingo ditu belaunaldi berrien bizi-baldintzak".

Sindikatuak ohar batean salatu duenez, akordioak "kapitalaren beharrei erantzuten die", eta, alde horretatik, "sakoneko eztabaida estatu ezberdinen arteko botere borroka izan da", kritikatu du.

"Ez da neurririk hartu kapitalak krisi hau ordain dezan, eta ez da inolako erreforma fiskalik aurreikusi edo sustatu, eta Itun Berde Berrian adostutako neurriak funtsera sartzeko nahitaez bete beharrekoak badira ere, neurri horiek ez diotela erantzuten dagoen larrialdi ekologikoko egoerari gogorarazi nahi dugu", gaitzetsi du.

Esan duenez, "erreskate gisa deitu nahi ez dioten finantza erreskate bat da, baina susperraldirako diru funtsak erreskaterako ezartzen diren baldintzak betetzera baldintzatuta daude, eta erreskate horrek herri sektoreen bizi baldintzak okertuko dituzten hainbat neurri aplikatzea ekarriko du".

"Langileen egunerokoan eragin zuzena duten politikak erabakitzeko eskubide legitimoa" aldarrikatu du LABek, eta, oraingoan, "estatuek hartzen dituzte erabakiak, gero inposatzeko".

Sindikatuak ohartarazi duenez, Bruselan lortutako akordioak "aurrez aurre talka egiten du euskal gehiengo sozialaren aldarrikapenekin", beraz, "Europa sozial, justu eta herritar" baten alde lanean jarraituko duela ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Nazioartea Europar Batasuna Brusela ELA LAB Europa Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Koronabirusa