Ekonomia -
Koronabirusa
Soldatak igoko dizkiete Ipar Euskal Herriko ospitaleetako langileei
Frantziako Gobernuak 8.000 milioi eurotik gorako diru partida onartu du soldatak ordaintzeko eta enplegu berriak sortzeko.
agentziak | erredakzioa
Frantziako Gobernuak akordioa sinatu du gaur osasun langileen eta ospitaleetako langileen sindikatu gehienekin, eta urtero "8.000 milioi euro baino gehiago" handituko du aurrekontua, ordainsariak hobetzeko eta enplegu berriak sortzeko.
"Ahalegin historiko honek, lehenik eta behin, izurrite honen aurkako borrokan lehen lerroan egon direnentzako aitortza izan nahi du", azpimarratu zuen Jean Castex lehen ministroak atzo, Parisen, Matignongo bere egoitza ofizialean egindako sinadura ekitaldiaren amaieran emandako hitzaldi batean.
Konpromisoa, Ségur izena daramana, Osasun Ministerioa dagoen hiriko etorbidearen izenagatik, maiatzaren 25ean, Frantzian koronabirusaren krisiaren faserik gogorrena gainditu ondoren, bertan abiatutako negoziazio baten emaitza da.
Olivier Véran Osasun ministroaren arabera, lehen onuradunak ospitaleetako 1,5 milioi langile baino gehiago izango dira, erizainak bereziki, baina baita makinetako operadoreak edo administrazioko langileak ere.
Guztiek ikusi ahal izango dute euren ordainsarian hilero 300 euro inguruko gehikuntza. Erizainen kasuan, aparteko orduengatik aurreikusitako hobarien igoera kontuan hartuta, igoera 400 eurokoa ere izan daitekeela adierazi zuen Veranek.
Gainera, Osasun arduradunak azpimarratu duenez, 15.000 lanpostu sortuko dira.
Hiru sindikatu handik sinatu zuten konpromisoa: FOk, CFDTk eta UNSAk. Azken horiek, oro har, kolektiboaren gehiengoa ordezkatzen dute. Hala ere, ez zuen bat egin nahi izan zentral nagusiak, CGTk, botoen herena ordezkatzen duenak.
Medikuentzat 450 milioi euroko diru saila aurreikusten du akordioak, eta horiekin profesional horientzat erakargarriagoa egin nahi da ospitaleetako lana.
"Herrialde honetan inoiz proposatu den diru sarreren igoerarik handiena" dela nabarmendu zuen ministroak.